Giza Eskubideen astea antolatu du Udalak eta ekitaldi ugari izango dira

kultur aniztasunaAbenduaren 10a Nazioarteko Giza Eskubideen eguna izanik, bigarren urtez, Errenteriako Udalak munduan dauden giza eskubideen urraketak gogoratuko ditu astebeteko programazioa herriko eragileen parte-hartze garrantzitsuarekin gauzatuz. Gainera, aurten bertako errealitateak ere ezagutuko ditugu, asteazkenean, Sarek eskainiko bi proiekzioen bidez, “eta bertan zer?” atalean. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute izango diren ekitaldiak aurkezteko.

2016-12-09 11.21.59Astelehenean eta larunbatean haurrentzat ekintzak izango dira: abenduaren 17an, larunbata, goizeko 11:00etan, haur liburutegian, ipuin kontalari desberdinak izango ditugu gatazka bizi duten herrialdeetatik etorritakoak. Astelehenean, asteari hasiera emateko “Kirukú eta basapiztiak” filma emango da Ozzinemak antolatua. Azken horri, eta asteartean, Mikelazulok sortutako Lampedusaren inguruko proiekzioari, Zinema Solidarioa deitu diogu. Izan ere, Zaporeak elkartearen bidez, garbantzu eta espinaka kontserbak ekartzea proposatzen dugu Niessen Kulturgunera proiekzio bata zein beste ikustera datorrenari. Hala, elkarteak Chiosen errefuxiatuei jaten emateko duen jangelara bidaliko du.

“Kolonbia lekualdatua” erakusketaren bisita gidatua eta “Colombia invisible” dokumentalaren proiekzioa eskainiko da abenduaren 15ean, osteguna, Xenpelar Etxean. Amaitzeko, alegia, asteari itxiera emateko, abenduaren 18an, antzerki emanaldia izango da “Elegy” obra madrildarraren bidez. Hain zuzen ere, errefuxiatuen errealitatea eta sexu orientazioa lantzen dituen doako antzezlana. Sarrerak eskuragarri izango dira 12ko astean zehar Niessen Kulturgunean bertan.
Bestalde, aipatzekoa da herriko institutuetako hainbat ikaslek nahiz Gaztelekuetako gazteek giza eskubideen inguruko formazioa jasoko dutela, bereziki, errefuxiatuen eta etorkinen inguruko eskubide urraketen inguruan.

Prentsaurrekoan honako adierazpena egin du Nagore Basurto zinegotziak Departamentuaren izenean:

 

Bihar, Giza Eskubideen nazioarteko eguna dela eta, Giza Eskubideen urraketak salatu eta eskubide horien babesa nahiz jarduna berma dadin eskatu nahi dugu.

Giza Eskubideen nazioarteko eguna, urtero, abenduaren 10an ospatzen den data esanguratsua da, hain zuzen ere, 1950 urtetik. Ordea, bi urte lehenago Giza Eskubideen aldarrikapena onartu zuen Nazio Batuen Batzar orokorrak Parisen. Bertan, guztien artean giza eskubideak defendatzeko oinarrizkoak diren 30 artikuluak idazti ziren. Horrenbestez, denon eskubideak direnak, bermatu eta defendatu beharrekoak.

Emakumeen, errefuxiatuen, haurren, LGTB kolektiboen, indigenen, etorkinen, desgaitasun duten pertsonen edota bestelako talde, kultura edota bortizkeria jasaten duen norbanakoen eskubideen gaineko urraketak defendatuko zituen testua.

Hori dela-eta Nazioarteko eguna baliatu nahi dugu gogoratzeko:

Egun bizi dugun testuinguruan, eta testua sortu zenetik urteak igaro badira ere, ezinbestekoa da oinarrizko eskubide horiek urratua izaten jarraitzen dutela gogoratzea. Hori gizarteratzea eta kolektiboki babestea.

Solidaritatea eskaintzen diogu:

Edozein urraketa sufritzen ari den talde, herrialde, herri, norbanako edota egoerari. Bereziki, bakea bera izan ezin duenari. Gerra egoerari eta bortizkeria jasaten duen edonori.

Eskatzen dugu:

Gerra guztien amaiera

Mediterraneoan hildako bat gehiago egon ez dadila

Mugen zabaltzea

Arrazakeria, xenofobia, matxismo edota bestelako diskriminazio eta biolentzia guztien ezabatzea.

Adierazpen askatasuna eskubidea urratzen duen mordaza legea deuseztatzea, presoen eskubideak eta krisialdi ekonomikoa jasaten ari den norbanakoen eskubideak bermatzea

Giza Eskubideen aldarrikapenak dakartzan artikuluen bermatzea munduko txoko guztietan.