Aiako Harrira eta Lau Haizeta parkera antolatutako bisiten urteko txostena argitaratu du Udalak

IrteeraIngurumeneko Sailak antolatutako irteera gidatuen berri eman duen emaitzen-txostena argitaratu berri du Errenteriako Udalak. Aurten ere, natura- eta kultura-balio handiko hiru gune ezagutzeko aukera izan da udako denboraldian zehar ingurumenean eta bioaniztasunean adituak diren hezitzaileen laguntzaz:

  • Aizpitarteko leizezuloak
  • Añarbe Baso Erreserbaren inguruan Urdaburu mendiaren magaleko itzulia
  • Lau Haizeta Parkea (Sanmarko gotorlekutik abiatuta, Txoritokietako estazio Megalitikoa eta Berrozpin eta Aitzetako Txabaleko trikuharriak).

Izen-emateak Oarsoaldeako Turismo Bulegoaren elkar laguntzaz egin dira, eta ibilbide hauek prestatu eta gida-lanak egiteaz, berriz, ingurumen-hezkuntzan aritzen den Galemys S.L. enpresa arduratu da. Luzera eta zailtasun desberdineko ibilbide hauetan, bertako bisitariez gain, gure artean egun batzuk igaro eta gure herria hobeto ezagutu nahi izan duten turistak ere izan dira.

Bisitari-kopurua eta jatorria

Jose Cruz Legorburuk (Ingurumen-saileko Zinegotziak) adierazi duenez, Errenteriako eremu babestuetara orotara 13 irteera antolatu dira,  larunbata, igande eta jai egunak baliatuz. Irteerako bi gidari izan dira eta, orotara, 112 bisitarik hartu dute parte.

Bisitari gehienak Donostia, Errenteria eta inguruko herrietatik etorri dira, baina Tutera, Castellon eta Salamancatik etorri diren turistak ere izan dira. Suediako bikote batek ere izena eman zuen, azkenik etortzerik izan ez arren.

Irteera gidatuetara etorri diren pertsonen gehiengoa helduak izan dira (%79). Dena den, aipatzekoa da familien artean bisitek izan duten arrakasta, ia laurdena umeak izan direlako. Emaitzak ikusita, datorren urteari begira, Udalak bisita gidatu hauek areagotzea aurreikusten du.