Atzo ospatu zen Errenteriako kirolaren gala

Atzo, abenduaren 15ean, Errenteriako Kirolaren Gala 2016 izan zen. Bertan izan ziren hainbat klub, kirolari, eskoletako kirol arduradunak eta, oro har, Errenteriako kirolari loturiko pertsonak. Ekitaldian Julen Mendoza Errenteriako Alkatea izan zen, eta Jon Txasko Kirol Saileko zinegotzia. Ekitaldian 300 bat lagunek parte hartu zuten.

2016ko edizioan omenaldi berezia egin zitzaion Eskola Kirolari. Era horretan, Errenteriako Udalak ikastetxeetan egiten den kirolari babesa eskaini nahi izan zion; izan ere, alkateak adierazi zuen bezala, balio hauek transmititzeko marko egokia da: elkartasuna, integrazioa, parte-hartzea… Alkateak, Julen Mendozak, topaketan parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, Errenteriako Kirola zoriondu zuen 2015/2016 denboraldian izandako lorpenegatik, eta lanean jarraitzera bultzatu zituen.

Horretaz gain, Hibaika Arraun Elkartearen emakumezkoen senior mailako trainerua ere omendu zen, baita Amaia Benavente eta Eukene Saez piraguistak eta Ane Santesteban txirrindulari olinpikoa ere. Ekitaldian zehar 2016 urtean Errenteriako kirolaren parte-hartzea erakusten duen bideoa proiektatu zuten. Bideo hori ikus daiteke dagoeneko Kirolkide Errenteriaren web orrian.