Parte-hartze handia Gipuzkoa Naturaldiak Errenterian izandako ekimenetan

GNaturaldia (1)Las Estaciones filmaren proiekzioak eta Añarbeko Baso-erreserbara (Natura 2000 Sarea) antolatutako irteerak Errenteriako eta inguruko herrietako hamaika lagun elkartu zituzten joan den astean.

EHUko Ekologiako katedratikoa den Arturo Elosegik, abenduaren 14an, Jacques Perrim eta Jacques Cluzaud-en dokumentala aurkeztu zuen Añarbeko Baso-erreserbari buruzko zehaztapenak azalduz. Bioaniztasunaren kontserbazioa eta babesa aldarrikatzen duen dokumentalak Añarbeko basorako ez ezik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko espezie eta habitat naturalen kudeatzeko eredugarria dela azpimarratu zuen.

Añarbe Baso-erreserbara egindako bisita arrakastatsua

Larunbatean 35 bat lagun elkartu ziren Idoian, Aldurako itzulia eginez, Udalak anfibioen kontserbaziorako prestaturiko Malbazar eta Pagotzarteko urmaelak ezagutzera. Horretaz gain, Añarbeko basoak eskaintzen dituen txoko eta baso kontserbaziorako udal-ekimen ezberdinak ezagutzeko parada izan zuten bertaratutakoek. Adi egon zirenek, orkatzak eta beste espezieak ikusteko aukera ere izan zutela adierazi dute antolatzaileek.