Erregeak datozenerako prest dago Errenteria

errege magoak

Gazteria Sailak jakinarazi nahi du, urtero bezala, aurten ere Errege Kabalgata ederra izango duela Errenteriak. Era berean, azaldu du, APYMA Telleri IGE, AMPA San José – Hijas de la Cruz IGE, Jaitoki Furius elkartea, Udaltzaingoa eta DYAko nahiz Babes Zibileko boluntarioak, Udalarekin elkarlanean aritu direla aurtengo kabalgata antolatzen.

Ohiko moduan, Kabalgata 18:00etan irtengo da Tulle kaletik (Pontika), eta Maria de Lezo, Biteri, Alfonso XI, Nafarroa Etorbidea eta Zumardian barrena ibili ondoren, 19:00ak aldera iritsiko da Udaletxera. Harrera, ordea, aurreko urteotan bezalaxe, Merkatuzarren egingo da.

Kabalgataren hurrenkerari dagokionez, Babes Zibileko boluntarioek emango diote hasiera; jarraian,Errenteriako Udal Musika Banda eta jaiotza, baserritarrez jantzitako haurrekin eta Musika Eskolako trikitilariekin batera. Ondoren, Erregeen Postaria eta, azkenik, Erregeen hiru karrozak joango dira 20na antortxerorekin. Amaitzeko, DYAko boluntuarioek itxiko dute desfilea.Guztira 150 bat lagunek osatuko dute Kabalgata.

Iazko bideari jarraiki, desfilean zehar Erregeen Postariak lau laguntzaile izango ditu inguruan, haurren gutunak jasotzeaz arduratuko direnak. Hori dela eta, haurren batek gutuna, Merkatuzarreko Harrera ekitaldian entregatu ordez, Kabalgataren ibilbidean zehar entregatu nahi izanez gero, lau laguntzaile horiei eman beharko die.

Berrikuntza gisara, aurtengoan ikazkinak gehituko dira desfilera, trena alboan izango dutela.

Txikien eta ez hain txikien gozagarri, 510 kilo goxoki eta 7000 txokolatezko txanpon banatuko dituzte, denak ere zeliakoek jateko egokiak.

Azkenik, Gazteria Zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie urtero Errege Kabalgata gauzatzea ahalbidetzen duten eragile eta partaide guztiei.

Trafikoan zein eragin izango du?

  • Kabalgataren hasiera ordua: : 18:00etan
  • Aurreikusitako iraupena 1 ordu
  • Harrera amaitzeko ordua Merkatuzar eraikinean 21:00etan

Kabalgataren ibilbidea

Arramendi pasealekua (elkarretaratzea) – Errioxa biribilgunea – Tulle – Maria Lezo – Xenpelar – Biteri-Alfonso XI.a– Nafarroa etorbidea – Gamon zumardia – Herriko Enparantza.- Foru plaza (Merkatuzar).

Zirkulazioari buruzko neurriak

Honako kaleak ibilgailuz hustuko dira:

  • Tulle – Maria Lezo – Xenpelar – Biteri – Alfonso XI.aren kaleak ibilgailurik gabe egon beharko dira. Horregatik urtarrilaren 5ean, 15:00etatik 20:00ak arte kale horietan aparkatzea debekatuko da.
  • “Asto Toki”ko parkingean ezingo da aparkatu 15:00etatik 22:00ak arte.

17,30ean trafikoa moztuko da honako guneetan:

  • Beraun kalearen eta Arramendi pasealekuaren arteko bidegurutzean.
  • Aralar plazan

18:00etan trafikoa moztu eta GI-636 errepidean barrena desbideratuko da (saihesbidea) Galizia biribilgunean

17:30ak eta 22:00ak bitartean Erdialdean trafikoa moztu egingo da. Hori dela-eta, gidariei eskatzen diegu urtarrilaren 5ean joan-etorriak egiteko Erdialdetik ez pasatzea, eta gomendatzen diegu beste bide batzuetatik pasatzea auzoetara joateko.

Garraio publikoa

  • Morronguilletako bus geltokia lekuz aldatuko da eta Tulle kalean jarriko da kabalgata pasatu bezain laster libre geratzen denean.
  • 18:00ak eta 19:00ak bitartean Zumardiko eta Gabierrotako geltokietatik ez da busik pasatuko, eta, horregatik, gomendatzen dugu Diputazio plazako geltokia erabiltzea.

Iztieta pasealekuan aparkatzeko baimena

Iztieta pasealekuan aparkatzea baimenduko urtarrilaren 6an, 07:00etatik 22:00etara.