Urtarriletik martxora egingo dira inausketak eta kimaketak

xenpelar plaza

2017ko kimaketak eta inausketak, urtarrila-martxoa bitartean egingo dira auzo guztietan. Horretarako, herritarrek egin dituzten eskaerak aztertuko dituzte teknikoek eta haien oniritzia ematen duten kasuetan ekingo zaio lanari.

Udal honek, kasu zehatzetan kimatu eta mozten ditu zuhaitzak, eta inausketak bereziki neguan egiten ditu, behin hostoak galtzen dituenean eta zuhaitza “geldiune begetatiboan” dagoenean. Arrisku handiak dauden kasuetan, hala ere, edozein momentutan ekiten zaio kimaketa edo zuhaitzaren mozketari. Honakoak dira kasu ohikoenak:

  • Argi indarraren kableen hurbiltasunez arriskua sortuz gero.
  • Herriko argiteria eta farolei kalte eginez gero.
  • Eraikinei arriskua sortuz gero: etxeetatik hurbilegi…
  • Errepideetan traba egin (semaforo, seinale…) edo euren adarrak autoei arriskua sortuz gero.
  • Espaloiak eta baldosak altxa eta herritarrak estropuz egiteko arrisku larria sortuz gero.
  • Zuhaitzak gaixorik edo okerregiak egonik, erortzeko arriskua dagoenean.

Zuhaitza bere horretan utzi behar da aurreko arriskurik ez denean. Ez dira aintzat hartzen lurra hostoz betetzea edo bistak kentzea bezalako arrazoiketak.

Askok uste dutenaren aurka, Euskal Herrian ez litzateke kimaketarik egin beharko. Hemengo giroa hezea da, eta horregatik, zuhaitzak kimatu ezkero, zauriak ez zaizkie lehortzen. Zauriak ez lehortzeak onddoentzako eta milaka mikroorganismoentzako ate ireki bat dakar, eta berehala sortzen dira usteldurak. Ondorioz zuhaitza ahultzen hasten da, eta arrisku bat eragiten dio ingurukoei, adar bat eror daitekeelako edo zuhaitza bera.

Bide batez, gogoratu zuhaitzek funtzio garrantzitsuak betetzen dituztela:

  • Kutsadura akustikoa murrizten dute
  • Haizetik eta elurretik babesten dute herria.
  • Trafikoaren kutsadura gutxitzen dute.
  • Hazten den egur tona bakoitzeko 1,5 tona CO2 desagertarazten direla atmosferatik eta tona bat oxigeno baino gehiago sortzen da.