Haur eta gazteekin asanblada irekiak eginez borobilduko du diagnostikoa Marea Gorak

EUS3Haur eta gazteekin parte-hartze prozesua egiten ari da Errenteriako Udala, haien nahiak eta kezkak ezagutzeko. Azarotik urtarrilera bitartean, 600 pertsona baino gehiagok hartu dute parte jada. Diagnostikoaren zatia amaitzeko asanblada irekiak egingo dira datozen egunetan. Ekimenak Marea Gora du izena, behetik gorako prozesua izango baita.

Orain arte hiru bide erabili dira iritziak emateko: 30 eragilerekin egindako bilerak, ikastetxe zein ludoteketan egindako mapeoak eta on-line bidezko galdetegia. Parte hartzea are gehiago zabaltzeko ordea, asanblada irekiak antolatu dituzte. Horrekin batera amaituko da diagnostiko fasea, berri bati hasiera emateko.

Asanblada irekien deialdia:

  • Haurrak (0-12 urte bitartean): Otsailak 3, ostirala, 17:30tan, Merkatuzarren.
  • Nerabeak (13-17 urte bitartean) Urtarrilak 27, ostirala, 17:30tan, Reina aretoan.
  • Gazteak (18-30 urte bitartean) Otsailak 4, larunbata, 11:00tan, Merkatuzar-en.

Asanbladen ondoren, Errenteria hobetzera

Bildutako iritzi guztiak kontuan hartuz, haur eta gazteen egoera hobetuko duten proiektuak martxan jartzea izango da hurrengo pausoa. Adin-tarte bakoitzeko gutxienez proiektu bat abiatzeko konpromisoa hartu du Udalak, eta horiek zer forma izango duten parte-hartzen jarraitu nahi duten haur eta gazteek erabakiko dute. Iritzia ematetik haien egoera hobetuko duten erabakiak hartzera igaroko dira.