Mendoza: “Lekuona adostasun espazio bihurtu nahi dugu”

lekuona 2Lekuonak zeresan handia eman du azken hilabetetan. Proiektua birdefinitzeko prozesua hasiko du Udalak. Hala adierazi dute Julen Mendoza alkateak eta Jon Kollar Kultura zinegotziak gaur goizean eman duten prentsaurrekoan:

Errenteriako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ez zeuden guztiz ados Lekuonaren hasierako kultura-proiektuari zegokionez. Horregatik erabaki zuten Lekuona eraikinaren proiektuari beste ibilbide bat markatzea. Hori dela-eta Lekuonaren kultura eta arkitektura proiektu berria definitzeko prozesua abian jarri du Udalak lehenbailehen.

Abian da arkitektura-proiektua idazteko lizitazio-prozesua, eta laster jarriko da martxan kultura-proiektua definitzeko kontratuarena. Edonola ere, Lekuonaren kultura-proiektua udalerriko kultura-, politika- eta gizarte-eragileek definituko dute berariazko parte-hartze prozesu batean, eta proiektu horren baitan egingo da arkitektura-proiektua.

Plan estrategikoaren ildotik

Lekuonaren erabilera berria markatuko dute Errenteria 2025 Plan Estrategikoan ezarritako ildo estrategikoek eta Errenteria ADN Kreaktiboa markak. Zehazki, eta urtebeteko parte-hartze prozesuaren ondoren, udalerriak kreatibitatean erreferentzia izatearen aldeko apustu argia egin zuen. Kreatibitatea edo sormena Errenteriako garapen sozioekonomikorako elementu gisa ulertzen du Udalak, ez pertsonen garapenerako balio soil gisa, baizik: “Helburua da gure herria garapen-eredu berri batera eramatea da, ekonomia kreatiboa oinarri duen eredurantz, hain zuzen, baduelako horretarako gaitasun nahikoa”.

Ildo estrategiko horiei erantzuteko jarriko da martxan Lekuona fabrika, kreatibitatea oinarri duen kultura-espazioa, Errenteriarentzako kultura-proiektu estrategiko izango dena beste hainbat proiekturekin batera, eta Pasaiako Badia biziberritzeko prozesuaren baitan egingo denez, eskualde osoarentzako baliagarria izango da.

Sormena eta berrikuntza

Horrela, bada, Lekuona fabrika izango da sorkuntza intelektual, teknologiko, artistiko eta zientifikorako tokiko espazio bat. Ekipamendu kulturalaren kontzeptu berri honen helburua da kreatibitatea, talentua eta berrikuntza sustatzea, eta liburutegi proiektu aintzindaria ere izango du. Sorkuntzarik berrienari eta gizarte-kolektiboei lotuta, Lekuona udalerriaz gaindiko proiekzioa duen espazio bihurtzea Lekuona.

Kultura-planaren nodo nagusia izango da; gainerako kultura-ekipamenduak birdefinitzen lagunduko du, hiri-proiektu berriaren parte da eta Errenteriako industria-ondarearen eraikinik enblematikoenean kokatzen da.

Diziplina anitzeko gunea

Lekuona diziplina anitzetarako espazioa izango da, helburu duena arte-hibridazioa sustatzea arte-ikerketako eta kalitatezko eduki berrien sorkuntzako erreferentzia izateko, bai eta hainbat esparru eta ibilbidetako kolektibo, sortzaile eta proposamenen topagune izateko ere.

Lekuonak, herriko gainerako kultura-ekipamenduekin batera, sorkuntza artistikoa babestuko du eta, horretarako, arte eszenikoak, musika, arte plastiko eta bisualak edo multimedia-sorkuntzak bezalako diziplinetarako lan-espazioak izango ditu, bai eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) nahiz artisautzaren inguruko proiektuetarako ere. Errenteriako kultura-proiektu berrian arte-adierazpeneko modu orok izango du lekua eta helburu nagusia izango da sortzaileen arteko eta sortzaileen eta publikoaren arteko topaketa eta elkarrizketa laguntzea.

Lekuona eraikitzeko proiektua kultura-proiektuari lotuta joango da. Lekuonan 3.686,76 m2 erabilgarri izateak aukera ematen du, alde batetik, sorkuntzan oinarritutako liburutegia bertan jartzeko – martxan dagoen deszentralizatutako liburutegien sare proiektuari erantzungo diona – eta, aldi berean, erakusketa-areto bat eta hitzaldi edo topaketetarako eta aisialdiko bestelako erabileretarako espazio balioanitzak izateko.