Zarata-mapa onartu berri du Udalak

Portada-zarataMapa2016ko martxoaren 4an kontratatu zituen Errenteriako zarata-mapa, zarataren kontrako ekintza-plana eta zarataren zein bibrazioen udal-ordenantza osatzeko lanak.

Urte bereko irailean, udalerriko zarata-mapa osaketa lanak amaituta, dokumentua erakusketa-publikoan izan zen hilabetez, interesa zuten herritar eta eragileek ekarpenak egiteko aukera izan zezaten.

Epe hori igarota eta egindako ekarpenak aztertu ondoren, 2017 urtarrilaren 18an, Errenteriako Udaleko Gobernu Batzordeak Errenteriako Zarata-mapa onartzea erabaki du.

Behin betiko Zarata-mapa eta gainerako dokumentazioa http://ingurumena.errenteria.eus webgunean aurkitu daiteke.

Zarataren aurkako ekintza-planaren osaketa

Irailean aurkeztutako diagnosia kontuan hartuz, Zarataren aurkako Ekintza-planaren osaketari heldu zion Udalak.
Horretarako, behin behineko zirriborroa osatu ondoren, herritarrei zuzendutako partaidetza prozesua abiatu zuen Udalak:

  • Udaleko ingurumen-webgunean zarataren inguruan sortutako dokumentazioa eskuragarri jarri zen.
  • Ekarpenak bai online bai udaletxean sarrera emanez egiteko aukera abian jarri ziren.
  • Auzoetan bilerak egin dira 2016ko abenduaren 13an, eta 2017ko urtarrilaren 19an, 25ean eta 26an.

Une honetan, Udala eta Zarataren aurkako Ekintza-planaren idazketan ari den aholkularitza teknikoa partaidetza prozesuan bildutako ekarpenak aztertzen ari dira. Ondoren, Zarata Ekintza-plana onartzeko tramitazioari ekingo zaio eta, ofizialki, erakusketa publikoan jarriko da, behin betiko dokumentua onartu aurretik.