Gazteek Madalenetarako ekintzen proposamenak egin ditzakete aste honetan zehar

Holi txupinazoa

Jai Batzordea urtarrilean hasi zen jada Madalenei begirako prestaketa lanetan. Urtero bezala, auzolanean ekin diote lanari eta egitarau zabal eta partehartzailea prestatzea da helburua: helduek, haurrek zein gazteek izango dute gustoko ekintzez gozatzeko aukera.

Badira hiru urte gazteei zuzendutako ekintzak eurekin batera antolatzen direla eta, aurten ere, bide berean jarraitu nahi da Gazteria sailak martxan duen “Marea Gora” prozesuarekin bat eginez. Aste honetan zehar, martxoaren 27tik apirilaren 3ra bitarte, 13-17 urte bitarteko gazteak protagonista izango diren Madalenetako ekintzen inguruko proposamen bilketa egingo da.

Proposamenak egiteko aukera desberdinak daude: ikastetxeetan jarri diren kutxetan, aisialdi elkarteen bitartez, ( Gazte lokalak, Kuadrillategi, Gaztedi, Gaztelan eta Alaitasuna) edo mareagorantz@gmail.com helbidera bidaliz.