Iazko gerakinak 2,3 milioi euroko inbertsio berriak egitea ahalbidetuko dio udalari

Jon Collar eta Jon Txasko
Jon Collar eta Jon Txasko

Aurten ere Errenteriako Udalak aurrekontuetan aurreikusi ez ziren jarduketak gauzatu ahal izango ditu kudeaketaren gerakinari esker. “Finantza-kudeaketa ona egiteari esker egoera ekonomiko saneatuarekin itxi ahal izan dugu” azaldu du Jon Txasko Ogasun zinegotziak. Agerraldian azaldu duenez, gerakin horren zati handi bat erabili ahal izango dute 2025 Plan Estrategikoko proiektuetan aurrera egiteko eta, bereziki, Legegintzaldi Plana betetzen jarraitzeko. Pozik azaldu dira Txasko eta Jon Collar bigarren alkateordea, “horri gehitzen badiogu hainbat urtetan tasak izoztuta eduki ondoren, Udalaren sarrerak gutxitu egin direla ─sarreren guztizkoaren % 44,73 izatetik % 40,48 izatera pasa baitira─, ezin dugu ukatu oso pozik gaudela”.  Era berean, Ogasun zinegotziak gerakina handiagoa dela adierazi du, “ezustekoetarako parte bat gordeko dugu”.
Gerakinarekin egingo dituzten inbertsioak Errenteria 2025 Plan Estrategikoan jasoak zeuden, besteak beste, Galtzarabordako igogailua, Beraungo kultura-etxea/liburutegia, Emakumeen Etxea, gazteentzako Etxebizitza Komunitarioak eta Fanderiako errotako interpretazio-zentroa.
Udalak 600.000 € erabiliko ditu Galtzarabordako igogailua eraikitzeko; Urdaburu eta Jaizkibel kaleak lotuko ditu eta, hartara, Parkearen eta anbulatorioaren arteko irisgarritasuna hobetuko da. Zenbateko horri gehitu behar zaio aurten Alabergako bigarren fasera bideratutako milioi euroa. Udalak espero du igogailu hori laster abian egotea.
Beraungo kultura-etxea/liburutegia ere estrategikoa denez, 150.000 € gehituko zaizkie aurrekontuan aurreikusitako 544.000 euroei.
Emakumeen Etxearen proiekturako beste 100.000 € jarriko ditugu, lehendik onartutako 600.000 euroez gain. Etxea Txirrita parkean egongo da, Patxiku kanpa izeneko gunean.
Gazteentzako Etxebizitza Komunitarioak ere proiektu estrategikoa dira, eta 100.000Fanderiako errota € gehituko zaizkie hasieran aurreikusitako 200.000 euroei.

Herriko puntu ilunetako bat, Iztieta-Ondartxoko zubiaren alboan
Iztieta-Ondartxo inguruan ere egingo dira inbertsioak gerakinari esker.

Fanderiako errotaren interpretazio-zentroa abian jartzeko 120.000 € inbertituko ditu udalak, aurrekontuetan onartutako 100.000 euroez gain.
Agerraldian Jon Collarek azaldu duenez, “proiektu hauez gain, herritarrek bizi-kalitatea hobetzeko egindako eskaeren inguruko hainbat jarduketa burutuko ditugu. Aurten auzoetako irisgarritasuna hobetzeko burutzen ari diren lanetarako, 100.000 € gehituko zaizkio aurrekontuan onartutakoari, eta beste 110.000 € jarriko dira Morrongilleta kalearen hasiera urbanizatzeko”
Lan lerro berean kokatu dute, besteak beste, irisgarritasuna hobetzeko proiektu horretan aurreikusten den bidegorria egitea Bidasoa kalea Biteri kaleko ardatzarekin lotzeko. Ibaiaren ingurunean hobekuntzak iragarri dituzte ere, 150.000 € bideratuko dituzte Ondartxoko eremura, ibaia garbitzeko eta pantalan berria jarrita itsasorako sarbidea hobetzeko. Alabergako igogailuaren lanei lotuta, 35.000 euroko gerakina ere bideratuko dute igogailuaren inguruan geratuko den urbanizazio berriko eremuan haurrentzako parke berria egitera. Txirrita parkea hobetzeko ─Patxiku kanpa bezala ezagutzen dena─, 150.000 € inbertituko dira berrurbanizatzeko eta haurrentzako parke berria egiteko. Gabierrotako adinduen egoitzan 40.000 € inbertituko dituzte hainbat mantenu-lan egiteko.

Kudeaketaren eta gardentasunaren aldeko apustutzat jo dute, 230.000 € inbertittzea datorren urtean herritarrak artatzeko zerbitzu berria abian jartzeko lanak egiteko. Txaskok bere interbentzioaren bukaearan zehaztu duenez, “dirua gordeko dugu garajeen gaineko plaza publikoak hobetzeko jarduketak burutzeko Beraunen eta Galtzarabordan”.