‘Atlas’ ipuin musikala aurkeztu du Kontarik

Urrian Kontari martxan jarri zenetik proiektu desberdinetan hartu du parte eta emanaldi desberdinak prestatu ditu. Izan ere, Kontariren izaeran dago mota eta estilo desberdinetako musikarekin istorio desberdinak kontatzea.

Ekainaren 10ean, 20:00etan munduko txoko desberdinetako abestiak bilduko dituen ipuin musikala aurkeztuko du Errenteriako Madalena Basilikan, Atlas. Emanaldi honetan Kontarikideak izango dira protagonistak eta istorioa kontatuko digutenak leku desberdinetan bidaiatu araziz. Irene Sotelo narratzailearekin batera pianoa, flauta eta instrumentu desberdinez jantziko da emanaldia, pantaila batean jarritako irudiek lagunduta.

Atlas-Kontari

Istorioa abeslariek beraiek kontatuko dute antzeztuz, abestuz eta jantzi aldaketekin.

Talde artistikoa

Kontari, Irene Sotelo (narratzailea), Amaia Dorronsoro (pianoa), Naiara Ibeas (flauta), tonechime instrumentulariak, Maddalen Dorronsoro (zuzendaria).

Sinopsia

Egunerokoaz aspertuta munduan zehar bidaiatu eta abentura berriak bizitu nahiko lituzketen 3 abenturazaleren istorioa. Hiruretako batek bere aiton-amonen etxean atlas zahar bat aurkitzen duenean bere kideekin partekatzen du, eta hura irekitzean nahi gabe maitagarri bat askatzen dute, bere magiarekin lo arazi egiten dituena. Afrikan esnatuko dira eta hor hasiko duten kontinente desberdinetan zehar egindako bidaian, abentura berriak bizitu eta herrialde desberdinetako istorioak ezagutuko dituzte.

Datorren kurtsorako Kontari Proiektuaren aurrematrikula

Kurtso amaierako emanaldi honen ostean, ekainaren 12aren astean, Kontari Proiektuaren hurrengo urterako aurrematrikula irekiko da eta ekainaren 12, 13 eta 15ean entsegu irekiak egingo dira Kontari probatu nahi duten 8 urtetik gorako neska-mutilentzat. Informazio gehiago eskatzeko kontari@landarbaso.com helbidera idatzi.