Madalenetako egitaraua aurkeztu dute udal ordezkariek

2017 Madalenetako programaren aurkezpenaMadalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, hilak 4, Udaletxeko Pleno Aretoan, udal ordezkariek. Ion Collar kultura zinegotziak jaiak berdintasunean, aniztasunean eta errespetuan gozatzeko gonbitea egin die herritarrei.

Hasteko, aurtengo omendua gogorarazi nahi izan du: Oinez proiektua. “Oinezek pertsonei laguntzen die gizarteratzeko prozesuan, pertsonen duintasunaren alde egiten duen proiektua da. Horregatik pozarren emango diegu merezitako errekonozimendua, Joxin Arregi eta Amaia Urdampilletaren bitartez”, esan du zinegotziak.

Jai Batzordearen eginkizuna ere azpimarratu du Collarrek. Azaldu duenez, aurten 35 elkartetik gora aritu dira lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz. Honekin batera, haur eta gazteen batzordeak ere gogorarazi ditu.

Bide batez, iazko arrakasta dela-eta, aurten ere txupinazoa bizitzeko modu ezberdinak izango direla jakinarazi du: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta txupinazoa zuzenean bizitzeko hiru aukera: Herriko plazan, Zumardian jarritako pantaila erraldoian edo Herri Bizia webgunearen bitartez ikusi ahalko da.

Agerraldian egitarautik nabarmendu den beste arlo bat aurtengo Madalenetako musika eskaintza da: Ken Zazpi, La Basu, Marinah-Ojos de Brujo, Willis Drummond, Roba Estesa, Mojinos Escozios, Oihan Vega edo Ruper Ordorika izan dira agerraldian nabarmendutako hainbat zuzeneko.

Gainera, jaietan zehar gauero auzoetara autobus zerbitzua egongo dela adierazi du.

Azkenik, herritarrei gonbitea luzatu die Collarrek, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi badute #Madalenak2017 traola erabiltzeko sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da modu horretan.

Programaren banaketa

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Hilaren 5, 6 eta 7an egingo dute banaketa 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: publizitatea jarri duten saltokietan, liburutegian, Galtzaraborda, Fanderia eta Kaputxinoetako kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute. Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, webgune honetan aurkituko duzue, esteka honetan klik eginda.