Larunbatean Konpostaren 3. Festa izango da Alabergan eta formazioa Gaztañon

KartelAlabergaWebErrenteriako Udalak Konpostajearen udal-programa abiarazi zuenetik hona antolatzen duen Konpostaren 3. Festa izango da larunbata honetan (uztailak 8) Alabergan kokatutako auzo-konposta egiteko gunean, goizeko 10:30tan hasita. Gune honetan kokatutako ontzietako batek jada helduta dagoen duenez, eta bertan parte hartzen duten familiei aurki etxeko janari-hondarrak kudeatzen dituzten ontzia bete egingo zaienez, heldutako konposta duen ontzia hustuko da Udalak kontratatutako Izadi 21 aholkularitza-enpresa eta bertan konpostatzen duten partaideen elkarlanari esker.

Ohiko prozedurari jarraituz, Udalak helduta dagoen konpostaren kalitatea neurtzera eraman du lan horiek egiteko homologatuta dagoen laborategi batera. Emaitzek argi uzten dute konpost hori kalitate onekoa dela eta ongarri moduan erabili daitekeela, baratzean edo baita lorezaintzan ere. Ateratzen den konposta erabiltzaileen artean banatzeaz gain, auzokonpostaren kudeaketa egokiari buruzko aholkuak gogora ekartzeko eta bertaratzen diren herritarren zalantzak argitzeko ere baliatuko da ekimen hau.

Gaztañoko 44. zenbakiren parean geratzen den auzokonposta egiteko gunean, heldutako konposta nola atera ikasteko prestakuntza-saioa izango da, larunbatean ere, goizeko 11:30tan. Horrekin batera, konposta ateratzeko ordua iristen denean lan hori gauzatzeko beharrezkoa den materiala erabiltzaileen eskura jartzeko ere aprobetxatuko du Udalak. Alabergan bezala, partaideen zalantzak argitzeko aukera ere izango da.

Konposta egiteko aukera zabalik

Bi ekimenak auzokonpostan parte hartzen dutenei zuzendua badago ere, interesa izan dezakeen edozein herritarrek parte hartu dezakeela azpimarratu du Udalak. Errenteriako biztanleek sortutako biohondakinak, bizilagunen laguntzarekin, Errenterian bertan kudeatuz, hondakinen sorrera prebenitu, hondakinen bilketarako udal-gastua murriztu eta ingurumenari mesede egitea lortzen ari dira. 6 dira hirian auzo-konposta egiteko dauden guneak: Fanderiakoa, Agustinetakoa, Gaztañon dauden 2 guneak (Arramendiko igoeran bata, eta bigarrena, 44. Etxebizitzaren parean geratzen dena), Alabergakoa eta Uztargi haur-eskolan dagoena. Hauetakoren batean parte hartu nahi baduzu, idatzi auzokonpostae@errenteria.eus helbidera edo deitu 943 449 603 zenbakira.

 

KonpostAteraGazt_web