Errenteriako Ereintza V Tenis Opena – Madalen Sariaren finalak igandean izango da

5-alimentos-para-jugadores-de-tenis-330x220Ereintza Eskubaloiak antolatuta eta ATG Gipuzkoako Tenis Zaletuak elkarteak eta Errenteriako udalaren laguntzarekin “Errenteriako Ereintza V Tenis Opena-Madalen Saria” lehiaketa egiten ari da Beraungo erabilera anitzetarako kirol pistan. Lehiaketa ekainean hasi zen eta final handia datorren igandean, 23an 12,00etan jokatuko da.

Ereintzatik lehiaketak tenislarien artean izan duen harrera ona eta partida guztietan bizi den giro ona azpimarratu dute. Koadroa osatzen duten 24 tenislariak 6 taldetan banatu dira eta lehiatzeko sistema izan da taldearen barruan denok denon aurka lehiatzea.

Uztaila hasieran lehenengo fasea amaitu zen eta kanporatze zuzenak jokatzen hasi ziren 4 kategoriatan. Aste honetan lehiaketako lau finalak jokatuko dira (bat kategoria bakoitzean). Lehiatzeko sistema honek ahalbidetzen du tenislari bakoitzak gutxienez 4 partida jokatzea.

Bigarren eta hirugarren mailako finalak aste honetan zehar jokatu dira. Hirugarren mailakoan juan Lasa eta Jon Iruretagoyena aritu ziren lehian eta lehenak lortu zuen garaipena hirugarren setean erabaki zen partida estu batean ( 6-4, 3-6, 6-2 ).

Bigarren mailakoan zirkuitoan ohikoak diren maila handiko bi tenista, Gabriel Zubillaga eta Oscar Parrondo aritu ziren eta kasu honetan garaipena Gabrielek lortu zuen ( 7-5, 6-2 ).

Laugarren mailako finala datorren astelehenean, 24ean, jokatuko dute Jon Zapiain eta Jorge Salinasek.

Lehenengo mailako final handiari dagokionez esan beharra dago aurten Inko Mugika eta Raul ramosek jokatuko dutela. Bi tenislari hauek oso forma onean daudela erakutsi dute eta iaz finalerdietan jokatu zuten batak bestearen aurka. Orduan garaipena Inkok lortu zuen eta ondoren finala ere berak irabazi zuen Iñigo P. Dominguezen aurka. Aurten Raulek ( aurreko edizio batetako txapeldunak ) errebantxa nahiko du eta final zoragarri bat gozatzeko aukera izango dugu guztiok.

Tenis zaletuek oro har instalaziora bertaratzeko aukera izango dute finala doan ikustera. Datorren igandean, uztailaren 23an, jokatuko da eguerdiko 12,00etan eta hala nahi duten zaleek www.atgtour.es web orrian jarraitu ahal dituzte lehiaketaren inguruko emaitza eta sailkapenak.