IrudiBizi Irailaren 16tik 22ra Europako Batasunean “Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea” ospatuko da, “Partekatzeak urrutiago eramango zaitu” lelopean, erreferentzia eginez mugikortasun partekatuaren eta mugikortasun garbiaren artean dagoen harreman estuari.

Mugikortasunaren Astea kanpaina bideratuta dago ibilgailua hirian erabiltzeak osasunean zein ingurumenean dituen ondorio negatiboen inguruan sentsibilizazio lana egitera, eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzearen onurak ere jarri nahi ditu agerian, hala nola ibilbideak bizikletan eta oinez egitea.

Errenteriako Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egun du, eta horren adibide bat da 2016an onartutako “Oinezko eta Txirrinda bidezko Mugikortasuneko Udal Plana”. Estrategia honen helburu nagusia txirrindaren erabilerari bultzada handia ematea da eguneroko garraio sistema bihur dadin: bidai guztien %1etik %5era igarotzeko, eta gaur egungo sarea 12 km-tik 25era luzatzea.

Errenteriako ekimenak
Errenteriako udalak 3 ekimen antolatu ditu aurtengo edizioaren baitan:

Bizikleta Festa: Jarduera hau Errenteria barneko errepidetik egingo den martxa kontrolatu batean datza, adin bakoitzak ordutegi ezberdina izango du. Orduerdi inguruko martxa izango da eta irteera eta helmuga Biteri kalean izango da:

• 10 urte eta txikiagoak (baita guraso, laguntzaileak, …. ere): 11:30tan Biteri kalean
• 11 urte eta hortik aurrera (baita guraso, laguntzaileak, …. ere): 12:30tan Biteri kalean

Errenteriako Udalak Oarsoaldeko ikastetxe guztiei jarduera honekin bat egitera gonbidatzen ditu eta, era berean, ikasleak zein gurasoak eta herritarrak, oro har, martxan parte hartzera animatzen ditu. “Bizikleta Festa” honetan parte hartzea doakoa izango da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da.

Helduentzako bizikleta ikastaroa Bizikletaz ibiltzen ikasteko helduentzako doako ikastaroa: Galtzarabordako Kiroldegiko pistan izango da irailaren 18, 19, 20 eta 21ean bi ordutegitan, 10,00etatik 11,30era eta 12,00etatik 13,30era. Izen-ematea harreran egin daiteke irailaren 14 arte.
Informazio gehiago gurpilartea@gmail.com helbidean eta 635 20 24 24 telefonoan.

Kartela A4 Bigarren eskuko bizikleten merkatua: Erabiltzen ez duzun edota aldatu nahi duzun bizikleta ekarri eta guk salduko dugu. Saltzaileek eta erosleek NAN erakutsi beharko dute. Saltzaileek sinatu egingo dute saldu nahi duten bizikletaren jabe direla adierazten duen agiria. Ez da 300 € baino gehiagoko salneurririk onartuko.
Merkatua irailaren 15ean ospatuko da 16:30etatik 20:00era, Gamon Zumardian. Txirrindak uzteko ordutegia 15:00etatik 16:30era izango da, egun berean. Bizikleta ez ezik mugikortasunarekin lotutako objektuak (kaskoak, patinak…) saldu eta erosteko aukera ere izango da. Informazio gehiago 943 670 249 telefonoan.