Musika eztanda Atlantikaldiaren bigarren egunean

0893_Alpha-blondy

Marka guztiak hautsi eta Lehendakari Agirre plaza txiki utzi zuen Alpha Blondy & The Solar System taldeak bart gauean Errenterian. Bertaratu zirenek gertutik gozatu ahal izan zituzten talde bolikostarraren kanturik entzutetsuenak. Karpan sartu ezinik gelditu zirenek kanpoko pantaila erraldoitik jarraitu ahal izan zuten jaialdiaren aurtengo apusturik handienetako bat. Jendearen erantzuna ere paregabea izan zen, sentsazio eta zirrara onek gainezka egin zuten bart Errenteriako Itsasargi nagusian.

Musika eta musika

Alpha Blondyrena ez zen izan kontzertu bakarra, ordea. Arratsalde eta iluntzean musikak leku handia izan zuen agertoki ezberdinetan. Jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artisten elkarlanaz gozatzeko aukera ere izan zuten Errrenteriara bertaratutakoek. Horren adibide izan zen, The ShougaShack Frantziako taldeak eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies talde donostiarrarak Lehendakari Agirre plazan eskaini zuten itsas elkarrizketa.0368_BellónMaceiras

Herriko plazan ere izan zen musikaz disfrutatzeko parada. Galizia eta Galesetik etorritako Gerardo Albela eta MaggieTomkins izan ziren agertokia betetzen lehenak. Bellón Maceiras galiziarrek eta Ereintza dantza taldeak ikuskizun paregabea eskaini zuten ondoren, eta amaitzeko, Salim Orkestraren doinu arabiarrak izan ziren publikoaren gozagarri.

Atzokoari amaiera emateko, DJ Makala zarauztarrak soinu bero eta tropikalak egungo erritmo berritzaile eta elektronikoekin nahastuz dantzan jarri zuen zumardiko Herrixka osoa.

Gaur, Itsasargi nagusian aritzeko erreleboa Amparanoia taldeak hartuko du. Ez da bakarrik egongo taula gainean, Esne Beltzako Xabier Solanok eta Pinik lagunduko dute, herrikoa den Sorkunekin batera.

Eta askoz gehiago

Baina Atlantikaldiako bigarren egunean, musika ez zen izan guztia. Erakusketak, haurrentzako tailerrak, arrantzale eta baleazaleak gogora ekarri zituen hitzaldia edo Cadizeko pilotuen ingurukoa, dantza polinesiarrak, kultura urbanoan oinarritzen den Kalekaia gunearen irekiera, graffitiak… Hori eta askoz gehiago ere izan zen atzo Errenterian.

0285_Margotu-itsasoa