Auzo-konpostatze guneetako ikuskaritza egingo dute bihar

KonpostaBahetzenBihar, asteartean, Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzo-konposta egiten nola etxeko konposta egiten, hobaria aplikatzen zaie beraien zabor-tasan.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko jarraipen-bisiten antzera, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño, Alaberga eta Uztargi haurreskola. Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo e-postara idatzi, asteartea baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.
Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Irailean zehar, Agustinak eta Gaztañoko (2 konpostaje-eremu daude bertan) auzo-konposta egiteko guneetako familiek irailean zehar heldutako konposta zuten zenbait konpostagailu hustu zituzten eta bertatik ateratako konposta baratzeetan nahiz etxeetako lorategi eta lorontzietan erabiliko dute. Azpimarratu behar da helduta dagoen konposta erabili aurretik, Udalak konpostaren kalitatea neurtzeko baimenduta dagoen laborategi batera eramaten duela (konpostaren laginen azterketen emaitzek erakutsi dute Errenteriako auzokonposta-guneetako konpostaren kalitatea ona dela).

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz (udan zehar etxekonpostaren datu-basean dauden herritarrek jarraipen-bisitak jaso dituzte eta udazkenean ere ikuskapen-bisita berriak egingo ditu Udalak kontratatutako Izadi 21 aholkularitza-enpresak). Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@errenteria.eus.