Programazioan berrikuntzak eta ordutegi zabalagoa izango dituzte Bizarain bibliotekan

IMG_20171004_113634_370Udal Bibliotekak Bizarain ikastolako bibliotekan antolatutako ekintzak aurkeztu dituzte. 2017-2018 ikasturterako berrikuntza ugari izango dira Beraunen, Bizarain Ikastolan kokatuta dagoen bibliotekan. Batetik, aurreko ikasturtean baino ordutegi zabalagoa izango duela nabarmendu dute. Bestetik, liburutegirako prestatutako programazioan txertatu duten erakusketa azpimarratu dute, beste berrikuntza batzuekin batera.
Berrikuntza horiek guztiak prentsaurrekoan azaldu dituzte Garazi Lopez de Etxezarreta bibliotekaz arduratzen den zinegotziak, Mari Jose Pascual Udal Bibliotekako zuzendariak, Belen Ugalde Bizaraingo zuzendariak, eta Karmele Benavides liburuzainak.
Ordutegiari dagokionez, ikasturte honetan bibliotekak ordutegi luzeagoa izango du, 16:00etatik 20:00etara. Ordutegia bi ordu gehiagoz luzatu dute aurreko ikasturtearekin alderatuta, eta horren helburua da erabiltzaile gehiagori sarbidea erraztea.
Beldurra gaitzat duen erakusketa
Aurten ere Udal Bibliotekak deszentralizazioari garrantzia eman dio jardueren egitaraua prestatzeko orduan. Hala, Bizarain ikastolako bibliotekak urrats bat emango du aurrera eta egitarauan berrikuntzak egongo dira. Aurreko ikasturtean egin bezala, irakurketa klubak eta ipuin kontaketak egingo dituzte. Baina berrikuntza garrantzitsuena Galtzagorri elkarteak antolatutako erakusketa izango da. Lopez de Etxezarreta zinegotziak nabarmendu duenez, “eskaintza interesgarria da eta aprobetxatu beharrekoa”. Ikastetxeekin landu dute erakusketa bisitatzeko aukera, baina herritarrentzat ere irekita egongo da arratsaldeetan. “Berrikuntza hauekin guztiekin, helburua da, Bizaraingo liburutegia Udal Liburutegiaren sukurtsala izatea, eta liburutegi publikoak antolatzen dituen eta eskaintzen dituen zerbitzu guztiak Bizarainen ere eskaintzea”.
Programazioari lotutako xehetasunak:
IRAKURKETA KLUBAK: 3-5 urte bitarteko haurrentzat, bi txanda. 6-8 urtekoentzat beste bi txanda.
IPUIN KONTAKETA: 9-11 urte bitarteko haurrentzat. 3 saio, hiruhilabetean behin:
Urriak 25: Mila gau eta bat gehiago
Martxoak 8: Emakumeak eta itsasoa
Maiatzak 7: Animalien kondairak
ERAKUSKETA: Galtzagorri elkarteak antolatuta eta Foru Aldundiaren laguntzarekin. “Adur, Adur, ez naiz zure beldur” aretoa aurkeztuko dute, 8 eta10 urte bitarteko haurrei zuzendua. Aretoan eskainiko diren saioekin honako xedeak lortu nahi dira, besteak beste: Beldurraren trataera haur literaturan ezagutzea, barruko eta kanpoko mamuak lantzea, eta haurrak beldurrari aurre egiteko literaturak eskaintzen dizkion tresnak ezagutzea.
Azaroaren 6tik 17ra, goizetan, eskolei zuzendutako hamar saio antolatuko dira. Aurretik, eskolei gonbidapena eta egutegia bidaliko zaie, modu horretan eta nahi izanez gero, erakusketa bisitatzeko hitzordua konfirmatu dezaten. Arratsaldetan, erakusketa publiko orokorrari irekia egongo da, eta bisitariek erakusketa lantzen duen gaiari buruzko irakurketa-gomendioak kontsultatu ahal izango dituzte.
Buzoia eta helduentzako funtsa
Aipatutakoaz gain, beste berrikuntza batzuk ere izango dira. Liburuak itzultzeko buzoi bat jartzea ere aurreikusita dago, 24 orduko zerbitzua, urriaren bukaerarako.Bertan, bai Bizaraingo liburutegian, bai udal bibliotekan mailegatutako materiala utzi ahal izango dute. “Gure xedea Liburutegia itxita dagoenean ere etxera eraman den materiala entregatzeko aukera ematea, eta erraztea da” Mari Jose Pascualek azaldu duenez.
Azkenik,ikasturte honetan helduentzako eleberriz osatutato funts txiki batez hornituko dute liburutegia, Udal liburutegiraino joatea eragozpen izan ez dadin. Udal liburutegian liburuak eskatu eta Bizarainen jaso daitezkeela gogorarazi dute. Halaber, Euskadiko Irakurketa Publikoaren sareko beste edozein liburutegira liburutegien arteko maileguaren bitartez eskatutako materiala ere bertan jaso daiteke, aldez aurretik Bizarainen jaso nahi dutela eskatuz.

Bibliotekako programazioa