Aldundiaren eta herriko elkarteen harremanak hobetzeko prozesuaren lehenengo saioa bihar

Xenpelar EtxeaGipuzkoako Foru Aldundiak elkarteekin dituen “harremanak hobetzeko, desburokratizatzeko eta arintzeko” asmoz programa bat jarri zuen martxan lurralde osoko elkarteekin, eta programa horren baitan Oarsoaldeko elkarteekin saioa egingo du urriaren 10ean, asteartean, Xenpelar etxean. Elkarteekin egingo duen partehartze prozesuaren helburua, besteak beste, elkarteen partaidetza sustatzea eta elkarteek erakunde horrekin duten harremana hobetzea litzateke. Horretarako elkarlana bultzatu beharra nabarmendu dute Foru Aldunditik, “zailtasunak edo mugak identifikatu behar dira harremanak hobetu eta tramiteak sinplifikatzeko”.

Bi saio egingo dituzte. Bihar izango da 1. saioa, Xenpelar etxean 18:30ean. Gipuzkoako Foru Aldundia zenbait elkarterekin harremanetan jarri da, baina saio irekia izango da, beraz, beste edozein elkartek ere parte har dezake. Aldez aurretik izena eman behar da, partaidetza@gipuzkoa.eus helbidean.

Saioak euskaraz izango dira, baina itzulpen zerbitzua eskatzeko aukera egongo da. Bestetik, behar izanez gero, haurren zaintza zerbitzua ere eskainiko da bilerak irauten duen bitartean.

Informazio osatuagoa: www.gipuzkoa.eus