Landalurraren XIII. azoka izango da urriaren 14an

DLwpk5jV4AAsbAQ.jpg large
Oarsoirriak-ek antolatuako ekintza landalur azokan.

Larunbatean, urriaren 14an, Gamon Zumardian ospatuko da Errenteriako Landalurraren XIII. Azoka, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatuta. Herriko baserritarrek parte-hartzen dute azoka horretan. Azokaren helburu nagusia herrian lehen sektorean lan egiten duten enpresak ezagutzera ematea eta egiten duten lanaren aitortza egitea da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “ez dugu ahaztu behar, lehen sektoreko enpresa hauek direla gure ingurua eta paisaia mantentzen dituztenak, merkatua eta gertuko salmenta lekuak kalitatezko elikagaiez hornitzen dituztenak”.
Horrela, larunbatean, urriaren 14an, Errenteriako Gamon Zumardia herriko lehen sektorearen erakustokia bilakatuko da. Egun osoan zehar bertako produktuen azoka egongo da: Eguzkiborda baserriko Idiazabal J.I. ardi-gazta, Aparola baserriko behi gazta, Eguzkiborda eta Aparola baserrietako barazkiak, Usaskue baserriko marrubiak edo eta Zituene Pasta Obradore Kooperatiboko pasta freskoa; abere eta perretxiko erakusketak, eta erlea eta erlezaintzaren inguruko erakusketa ere izango da, mota ezberdinetako eztien dastaketarekin batera.
Goizean, Egiluze sagardotegiak sagardo naturala nola egiten den erakutsiko die bertaratzen direnei, landaketa tailerra (11:30tan) eta Herriko sendabelarrak ezagutzen tailerra izango dira (12:00tan), azken hau OarsoIrriak-en eskutik eta Labore Oarsoren laguntzarekin.
Arratsaldean, berriz, Errenteriako Azabaratza Kontsumo Taldeak “Elikadura ekologikoa: oinarriak eta gomendioak” hitzaldia emango du (17:00etan), eta txikienek Basosoro Baserriko behi esnearekin egindako txokolatea dastatzeko aukera  izango dute. Azokaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara, eta 16:30etatik 19:30etara izango da.