ZU! Zure Udala zerbitzua kokatuko den guneko lanak hasiko dira

IMG_20171011_110131_183Espazioa egokitzeko lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute. Astelehenean, urriaren 16an, hasiko dira espazio horretako lanak udaletxeko beheko solairuan. Momentuz, herritarrek orain arte bezala, sarrerara joan beharko dute ohiko izapideak egitera, baita errenta eta diru bilketarekin zerikusia duten izapideak egitera ere;  izan ere, lehen fasean, errenta eta diru bilketa gunea egokituko dute. Ondoren, arreta gune orokorra egokituko dute, eta bitartean, errenta eta diru bilketaren gunean emango diete herritarrei zerbitzua. Lanak bukatu, eta ZU! zerbitzua, leihatila bakarreko zerbitzua, urtarrilean jarriko dute martxan. Lanei buruzko xehetasunak, eta ZU! zerbitzuak ekarriko dituen aldaketa eta berrikuntzak azaldu dituzte Jaione Karrikiri alkateordeak, eta Eñaut Gracia Informazioaren Gizartea eta Partehartze zinegotziak. “Herritarrak artatzeko modua aldatzeaz gain” zerbitzu berriak ordutegi zabalagoa izango duela ere nabarmendu dute, “herritarren beharrei egokitutako ordutegia”.

Zerbitzuaren beharra plan estrategikoaren baitan kokatu du alkateordeak. “Errenteria 2025 Plan estrategikoak bere egiten zuen lan ildoetako bat ongi konektatutako herria sortzea zen. Erronka honek, beste aspektu ezberdin batzuez gain, udalak herritarrekin erlazionatzeko erabiltzen duen antolaketa eredua eta sistema telematikoa birpentsatzera behartzen zuen. Hausnarketa horretatik jaio zen herritarren arreta zerbitzu integral bat abian jartzeko beharra”.

Udala 2015eko irailetik ari da barne lanetan, hala, herritarren egin ditzaketen 200 tramite baino gehiago banan-banan errebisatu dituzte. Tramite horiek sinplifikatu, espediente elektronikoa txertatu eta beharrezko azpiegitura teknologikoak ezarri dituzte 2018ko hasieran  ZU! zerbitzua martxan jarri ahal izateko. Orain lanen zatirik ikusgarriena hasiko da, herritarrek ikusiko dutena, alegia. Lanen helburua herritarrentzat erakargarria izango den espazioa sortzea dela adierazi dute. “Horretarako espazio irisgarri, argia, eta atsegina sortuz. Hau da, espazio bat zeinek eroso sentiaraziko duen udalera tramite bat egitera doan edozein herritar”.

Zerbitzu berria, ordutegi berria

Zerbitzu berri honen bidez “jauzi kualitatiboa” emango du udalak herritarrei arreta emateko moduan; Eñaut Gracia zinegotziak adierazi duenez, besteak beste, edozein tramite egiteko formazioa duten 8 pertsonek emango dute zerbitzua. Horrez gain, espazio fisikoa ere moldatuko dute, herritarra behar duen moduan, eserita eta modu eroso eta pertsonalizatuan artatuta izateko helburuarekin.

Udaletxea herritarren beharretara egokitzeko prozesuan ordutegiak ere kontuan hartu dituzte. Zentzu honetan herritarrei zerbitzua emateko ordutegia nabarmen zabalduko dute zerbitzu berria martxan jartzean. Astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00era izango da; eta astearte eta ostegunetan modu jarraian goizeko 07:30etik arratsaldeko 20:00etara. Horrez gain, bi espazio pribatu ere egonen dira, delikatuak diren gaiak modu diskretuagoan lantzeko.

Aldaketa hauek guztiek helburu bakarra dutela adierazi dute: “herritarra udalera joatean puntu bakar batetik (leihatila bakarra) artatua izatea, eta tramite guztiak bideratzeko profesional bat eskura izatea. Zentzu honetan Udalaren modernizazioan egiten hari diren lanak ahalbidetuko dute paperak, modu digitalean bada ere, mugitzea eta ez herritarra”.