Jai berdinzaleagoak lortzeko prozesuaren bigarren bilera egingo dute

Oarsoaldeko udalerrietan jai parekide eta barneratzaileagoak lortzeko egitasmoa martxan jarri zuten urte hasieran. Egitasmoaren helburu nagusia Oarsoaldeko jaiak genero-ikuspegitik aztertzea da, eta indargune eta ahuleziak zein diren kontuan hartuta, jaiak parekideagoak eta barneratzaileagoak izan daitezen plangintza bat lantzea. Lan horiek egiteko prozesua Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin gauzatzen ari dira eta Errenteriako Udaleko Berdintasunerako azpisailak jakinarazi duenez,  jada eskuartean dute aurre-diagnostiko txostena. Txosten hori eskutan, 2. talde-gogoeta gunea antolatu dute, asteartean, urriaren 24an, 18:00etan Reina aretoan.

Bertan txostena aurkeztu eta azken ekarpenak jasotzeko asmoa dute eta, ondoren, ekintza planaren diseinuarekin hasiko dira. Gaiarekin interesa duen herritar, eragile eta elkarte oro prozesu horretara ongi etorria izango dela adierazi dute udaletik. Edozein zalantza argitzeko, udaleko berdintasun sailarekin jarri harremanetan: 943449576

Aurre-diagnostiko txostenean, lau udalerrietako, izaera ezberdinetako, hainbat jai izan dituzte aztergaia; Errenteriaren kasuan, Madalenak, Sagardo eguna eta Inauteriak izan dira hautatutako jaiak. Informazioa, iturri desberdinetatik lortu dute: elkarrizketa sakonak eragile-mota desberdinetako ordezkariei, azterketa dokumentala eta behaketa zuzena, festa zein dinamika jakinena. Honez gain, herritarren nahiz beste eragile batzuren iritziak eta ekarpenak jasotzeko 1. talde-gogoeta egin zuten uztailean.

Jaiak ospatzeko  modua  jendartea antolatuta dagoen moduaren isla da udalaren ustez, horregatik Oarsoaldeko udalerrietan jaien testuinguruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta jarrera matxistak gaitzesteko ekimenak eta kanpainak egin dituzte, lehen ere, horietako batzuk modu bateratuan gainera, Berdintasunerako Mahai Teknikotik.