‘Errenteria, Herri Bizia’ aldizkariko EAJ-ren testu zuzendua

Errenteria Herri Bizia aldizkaria egunotan iristen ari da herritarren postontzietara. Tamalez, maketazio akats bat dela medio, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei emandako tartean okerreko testu bat argitaratu da. EAJ alderdiak Kataluinari buruzko testua bidali zuen aldizkariaren erredakziora, baina Errenteria, Herri Bizia aldizkariaren 3. zenbakian argitaratu zen testu bera argitaratu da 4. zenbakian ere.

Aldizkariaren arduradunek barkamena eskatu nahi diete bai irakurleei eta baita EAJko kideei ere. Era berean, aldizkariaren formatu elektronikoan aldaketa egin eta testu zuzena sartu dutela jakinarazi nahi dute argitalpenaren arduradunek.

Era berean, lerro hauen azpian irakur daiteke testu zuzena.

BETI KATALUNIAREKIN

Kataluniako herriak argi eta ozen azaldu du bere erabakitzeko nahia eta herritik sortutako mugimendu honen aurrean, Kataluniako agintariek egin beharrekoa egin dute, herriari eman diote hitza. Espainiar Gobernuak ordea, nahiago izan du espainiar legedia, maiz beraiek ere betetzen ez dutena, inposatzea eta herriaren eskaerei entzun gor egitea. Katalunia, Euskadi bezala, nazio bat da, eskubide politikoak dituen subjektu politikoa. Erreferenduma ukatzea, kataluniar herriaren existentzia bera ukatzea da, hau da, errealitatearen aurka joatea. Kataluniak eta Euskadik ibilbide desberdinak izan ditugu, gure testuinguruak desberdinak izan dira eta testuinguru horietan hartutako erabakiak, beraz, desberdinak. Baina momentu gogorretan Agirre Companysekin egon zen bezala, momentu hauetan ere, noski, elkarrekin gaude.