San Tomas egunean txistorra postua jartzeko deialdia ireki dute

San Tomas egunean txistorra postuak jartzeko eskaera egiteko epea zabalik dago urriaren 31ra arte. San Tomas batzordeak adierazi duenez, postua jarri nahi dutenek udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dute eskaera, han bertan, edo Niessen Kulturgunean (Alfontso XI kalea) jaso dezaketen eredua erabiliz. Eskaerarekin batera, jarri nahi duten postuaren krokisa aurkeztu behar dute, neurri eta ezaugarriak adieraziz.

San Tomas batzordea dagoeneko hasi da lanean, eta azaroaren 3an, egingo dute aurtengo azoka antolatzeko hurrengo bilera. 18:15ean jarri dute hitzordua txistorra postua jarriko duten elkarteekin, eta 19:00etan batzorde orokorreko kideekin, Merkatuzarren. Gogorarazi dute postua jartzen duenak, antolaketan ere parte hartu behar duela eta bi bileratara bertaratu beharko duela.