Brahim Dahane ekintzaile sahararrari harrera egin dio udalak

Errenteriako Udalak harrera egin dio Brahim Dahane jaunari. Dahanek Saharan eta, oro har, munduan bakearen eta giza eskubideen alde egindako lana aitortu dio udalak gaur, udalbatzar aretoan eginiko ekitaldi xumearekin. Errenteriako alkate Julen Mendozak eta udalean ordezkaritza duten lau indar politikoetako ordezkariek udaletxeko atarian hartu dute Brahim Dahane, udal txistulariek jotako doinuen artean. Ondoren, udalbatzar aretoan egin dute ekitaldia, eta udal ordezkariez gain, zenbait herritar ere bertaratu dira.

Julen Mendoza alkateak eskerrak eman dizkio Dahaneri etorri izanagatik. Dahanek eginiko ibilbidea errepasatu ondoren, Marokoko gobernuak Saharako lurralde okupatuetan gauzatzen dituen giza eskubideen urraketak ekarri ditu gogora alkateak. Nazioarteko komunitateak, Nazio Batuen Erakundeak eta beste hainbat erakundek urraketa horien aurrean ez ikusiarena egiten dutela adierazi du. Ez hori bakarrik “ez ikusiarena egiteaz gain, ez dute ikusi nahi lurralde horrekin duten zor historikoa, ez baitzen deskolonizatua izatera iritsi, eta Marokok okupatu zuen”. Espainiako gobernuak gai honetan duen erantzukizuna ere azpimarratu du, “Espainiako estatuari dagokio irtenbidea bilatzeko jarrera irmoa hartzea”.

Marokoren okupazioa bukatzen ez den artean giza eskubideen urraketek gertatzen jarraituko dutela adierazi du alkateak, eta hori dela-eta, egoera horiek salatzeaz gain, Saharari babesa ematea, eta haien eskaerekin bat egitea funtsezko jo du: “zuen kausa, ez baita zuena bakarrik Brahim, mundu osoarena baizik”.

Brahim Dahanek hitza hartu duenean, “barruraino hunkituta” zegoela adierazi du. Bere ibilbideagatik beste batean egin zioten omenaldi bat burura ekarri diola adierazi du. Eskertuta agertu da harreragatik, eta alderdi guztien partehartzea eta presentzia azpimarratu du. “Zuena den guztiarekin hartu nauzue”, esan du, eta herri ororen alderdi kulturala jaso eta garatzearen garrantzia nabarmendu du. Baikor agertu da Saharar herria ematen ari den pausoengatik, “posizioak irabazten ari gara maila politiko eta diplomatikoan”.

Hitzaldiak amaituta, alkateak, egur-tailaz egindako kutxa eman dio opari Dahaneri. Segidan, dantzari batek aurreskua dantzatu dio udalbatzar aretoan. Gaur egindako omenaldiarekin Errenteriako udalak zein herriak “bihotzean tatuajea” egin diotela adierazi du.

Dahaneren ibilbidea

Dahane, 1965ean jaio zen Aaiunen (Mendebaldeko Sahara). 22 urte zituela atxilotu eta desagertuta egon zen, ezkutuko atxilotze zentroetan eduki zuten bere aurkako kargurik gabe 1991an askatu arte. 2005ean Giza Eskubideen Urraketa Larrien Biktima izan diren Saharar Elkartea sortu zuen (ASVDH). 2005etik 2011ra, hainbat aldiz atxilotu eta esperatu zuten, horietako batean hilabeteko gose greba egin zuen beste preso batzuekin batera, epaitu gabe kartzelatu zituztelako. Human Rights Whatch eta Amnesty International erakundeek hainbat kanpaina egin zituzten urte horietan Brahim eta berarekin atxilotutakoak aska zitzaten. Suediako Gobernuak ematen duen giza eskubideen Per Anger Saria jaso zuen 2009an, Mendebaldeko Saharan bakearen eta giza eskubideen alde egindako lanagatik.

Flickr Album Gallery Powered By: Weblizar