Musika Bandak Foru plazan eskainiko du igandeko kontzertua

Azkeneko bi kontzertuak Herriko Enparantzan egin ondoren, urriaren 29an, igandean, berriz ere Foru plazan eskainiko du kontzertua Errenteriako Musika Bandak. Carlos Rodriguez Albisturren zuzendaritzapean, 12:30ean izango da kontzertua, Foru plazan.

Aurtengoa, urte oparoa izaten ari da musika arloan Errenteriako Musika Kultur Elkartearentzat, eta bereziki bere Musika Bandarentzat. Aipatu elkarteko iturriek adierazi dutenez, urteko azken hiruilekoan kontzertu eta proposamen eszeniko ikusgarriak eskainiko dituzte. Horien artean aipatzekoak, azaroko Zine-Banda: Stanley Kubrick zine zuzendariaren eta musikaren arteko harremana ardatza izango duen musika-bidaia Musika Bandaren eskutik. Laranja Mekanikoa, 2001: Odisea Espazioan, edota Jaka Metalikoa bezalako filmeetako musikak izango dira entzungai Musika Bandak eskainitako zuzeneko soinu banda medio. Abenduko bi kontzertu ere aipatu dituzte, Donostiako Orfeoi Txikiarekin Fatimako elizan eta Donostiako Kursaal Auditoriumean eskainiko dituztenak, UNICEF elkartearen ongintzazko kontzertua. Hauek guztiak kontutan hartuta, Errenteriako Musika Kultur Elkartea bere 153 urteko ibilbidean bizi izan duen garairik oparoenetakoa bizitzen ari dela adierazi dute.

Igandeko kontzertuari erreparatuz, Giusseppe Verdiren Giovanna D’Arco ospetsua entzuteko aukera izango da, baita joan den mendeko konpositoreak ere, horien artean Andrew Lloyd Webber britaniarra Cats musikal goraipatutik pasa eta Glen Miller maisuaren musikara iritsi bitartean. Musika proposamena interesgarria dela, eta musika zaletu orori joateko gomendioa egin diote. Kontzertu egitaraua-programa concierto