Aniztasunean oinarritutako herri-aliantza osatzeko prozesua hasi dute

Errenteriako Udalak elkarbizitzarako eta herri-kohesioaren mugarri garrantzitsua izango den herri-aliantza gauzatu nahi du, aniztasunean eta herriko eragile eta norabanakoekin elkarlanean. Horretarako, abendura bitartean, diagnostiko parte hartzailea egiteko prozesua jarriko dute abian: gaiaren inguruko diagnostikoa egiteko, arlo bakoitzean egiten dena balioan jartzeko, aurrera begirako erronkak zehazteko eta hartuko diren konpromisoak identifikatzeko.

Prozesuaren hasiera ekitaldia egin dute gaur, Xenpelar etxeko aretoa jendez gainezka zela. Julen Mendoza alkateak nabarmendu du Errenteriak bere historian zehar jendea hartu duela, eta haiek beren ekarpenak egin dizkiotela herriari. Halaber, munduak aldatzen jarraituko duela, eta aldaketa horietara egokitzeko oinarri sendoa izatea beharrezkoa dela adierazi du, “bide horretan lan egin behar dugu, etorkizunean gizarte anitz eta multikultural batean elkarbizitza egin ahal izateko”. Horretarako, arlo desberdinak landu behar direla adierazi du, eta gaur aurkeztutako prozesuak helburu hori duela. Prozesua “anbizio handikoa” dela erantsi du.

Manifestua eta hausnarketarako dinamikak

Prozesuari hasiera emateko, Bernardo Atxagak aliantza honetarako propio idatziriko testua, manifestua, hartuko dute oinarri. Alkatearen hitzetan, idazleak sorturiko “artelana”, hausnarketarako nahiz ondorengo atxikipenetarako oinarria izango da. Hain zuzen ere, aurrerago, euren ekarpenak egin eta aliantzarekin bat egiten duten eragileentzako oinarria. Manifestua, jatorrian, euskaraz idatzita dago, baina herria osatzen duten hizkuntza anitzetara itzuliko dutela adierazi du Mendozak. Ekitaldiaren amaieran, hain zuzen, lehenik euskaraz irakurri du Bayan Elidrissi-k, eta ondoren, hainbat hizkuntzatan irakurri dute bertaratutako zenbait lagunek.

Gaur bidea hasi besterik ez dela egin esanez amaitu du Mendozak, “eta bidea ongi egitea garrantzitsua da, oinarri sendoak jartzeko”. Prozesua aurrera eramateko Elhuyar aholkularitzaren laguntzaz ari da udala. Goizargi Oruesagasti Elhuyarreko kideak azaldu du proiektu zabala dela, eta elkarbizitzaren aldeko adostasun zabala lortu nahi duela, “herri-aliantza deitu dioguna”.

Diagnostikoa osatzeko talde-lanketak egingo dituzte arlokako eragileekin, nahiz norbanakoekin. Sei talde desberdin antolatu dira, eta saio bakoitza noiz izango den, horretarako sortutako orrian ikus daiteke. Diagnostiko fase horretan saio ireki bat ere egingo dute azaroaren 29an, 19:00etan, Niessengo Auditorioan. Bertan, herriko eragileek eta gaian interesa duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. 2017ko abenduaren amaieran, prozesuaren ondorioak gizarteratuko dituzte eta festa-giroan emango zaio amaiera diagnostiko-faseari familia argazki batekin.

Samira Goddi kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako azpiataleko teknikariak esan duenez, urtarriletik aurrera, prozesuan parte hartu duten eragileei galdetuko diete, gizarte anitz eta kohesionatu hori lortze bidean zein ekarpen egiteko prest dauden.

Errenteriako 2025. urterako Plan Estrategikoan errenteriarrek nahi luketen herriari buruzko ikuspegi partekatua jasotzen da. Bertan aipatzen diren erronketako bat da “hiri solidarioa, aktiboa, kohesionatua eta integratzailea izatea” eta erronka horretan nabarmentzen da “aniztasuna, hiri bizia eta ilusioz betea lortzeko aprobetxatu beharreko aberastasuna” dela. Erronka horri erantzuteko, orain arte, hainbat ekimen landu eta sustatu ditu bai Udal barnean, bai herri-mailan; norbanako nahiz eragileekin elkarlanean. Nolanahi ere, bultzada berri bat eman nahi zaio orain arte egindako lanari, elkarbizitzan eta herri-kohesioan mugarri garrantzitsu bat izango den herri-aliantza bat gauzatuz.

Prozesuari buruzko informazio gehiago aurkituko duzu, eta informazioa berritzen ere joango da ondorengo webgunean: http://herribizia.errenteria.eus/aliantza-elkarbizitza/