“Sol creixent” lanak eskuratu du XXII. Errenteria Film Laburren Jaialdiko sari nagusia

Guillem Manzanares zuzendari gaztearen “Sol creixent”” film laburrak jaso du XXII. Errenteriako Film Laburren Jaialdiko Ion Arretxe zuzendaritza onenaren saria. Zinemagile errenteriarraren omenez eman diote izena sariari eta Manzanaresek, Arretxeren alarguna den Ana Vilaren eta Mikel Arretxe haren anaiaren eskutik jaso zituen garaikurra eta diploma, atzo, azaroak 19.

Sari banaketa ekitaldia 18:00etan hasi zen  Niessen Kulturgunean eta Leire Cano aurkezlearen ahotik jakin zituzten bertaratutakoek 22. edizioan saritutako lanen izenak. Hala, lau eguneko jaialdiari eman zitzaion amaiera.

Bertan, ohiko sariak banatzeaz gain, aipamen berezi bat egin zioten Jose Luis Rebordinos errenteriarrari bere ibilbide profesionalagatik. Egun, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria izateagatik ezaguna bada ere, zinemagintzari lotuta egin ditu hainbat eta hainbat urte.

Bestalde, Film Laburren Jaialdiko sariak banatzeaz gain, irailean ospatutako Atlantikaldia jaialdiaren barruan antolatutako “3, 2, 1… Atlantikaldian grabatzen” bideo espres lehiaketako saridunen berri ere eman zuten atzo.

Sariak

XXII. Film Laburren jaialdiko sariak:

  • Zuzendaritza onena: “SOL CREIXENT”. Guillem Manzanares.
  • Fikziozko film labur onena: “#SELFIE”. David M. Lorenz.
  • Animaziozko film labur onena: “NUNCA PASA NADA”. Javier Prieto.
  • Euskarazko film labur onena: “KREBA”. Oier Fuentes Mendizabal.
  • Film labur dokumental onena: “THE FOURTH KINGDOM”. Adán Aliaga, Alex Lora
  • Film Labur Dokumental Onena. Aipamen berezia: “ÄITI”. Jenni Kivistö
  • Gazte film labur onena: “TRAPU ZAHARRA(K)”. Ibai Zabala Arando.
  • Publikoaren saria: “AREKA”. Askoren artean.
  • Oarsoaldeko film labur onena: “LISBETH”. Aitor Bereziartua Arruabarrena
  • Gizonezko aktore onena: Fernando Albizu. “EL REBAÑO” filman egindako lanagatik.
  • Emakumezko aktore onena: Olivia Delcán. “EL VESTIDO” filman egindako lanagatik.

“3, 2, 1… Atlantikaldian grabatzen” lehiaketako sariak:

  • 1go saria: “Dr Korkon””. Pendejo.
  •  2. saria: “AMAIA”. Jokin Santakana.