Azaroaren 28an auzo-konpostaren ikuskaritza izango da, Hondakinen Europako Prebentzio-astearen baitan

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, hobaria aplikatzen zaie beraien zabor-tasan. Programa honetan parte hartzen duten familien inplikazioari esker, euren etxebizitzetan sortzen diren hondakin organikoak hirian bertan kudeatzen dira, hondakinen prebentzioan lagunduz eta hondakinen kudeaketa hiritik kanpo egitean sortzen diren berotegi efektuko gasen isurpena ekidinez. Horrekin batera, Udalak hondakinen kudeaketaren kostuen zati bat aurrezten du, aipatu familiek sortutako biohondakinak zuzenean beraiek kudeatzen dituztelako.

Ikuskaritza-lanak gauzatzen dituen lantaldeko kideak 14:00etan abiatuko dira Fanderiakogunetik eta, aurreko jarraipen-bisiten antzera, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño,Alaberga eta Uztargi haurreskola. Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo asteartea baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz (udan zehar etxekonpostaren datu-basean dauden herritarrek jarraipen-bisitak jaso dituzte eta udazkenean ere ikuskapen-bisita berriak egingo ditu Udalak kontratatutako Izadi 21 aholkularitza-enpresak). Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, honako posta elektronikora idatz dezakete: etxekonpostae@errenteria.eus.