Oiartzun ibaiaren ingurumen-leheneratze lanak hasi ditu URAk Fanderia-Lartzabalen

Oiartzun ibaiaren ingurumen-leheneratze lanak hasi berri ditu Uraren Euskal Agentziak (URA). Lanon barruan erribera basoa berreskuratuko dute (haltzadi atlantikoa, lizarrak, hurritzak…) eta Fanderiako meandroaren ezker ertza finkatuko dute, 300 metroan zehar, bioingeniaritza teknika desberdinen bitartez, gaur egun ematen den narriadura gelditzeko helburuarekin. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasoko du.

Proiektu horrek onurak ekarriko ditu ES017-GIP-OIA-01 Uholde arrisku handiko eremu edo ARPSIaren zati batean. Eremu hori uholde arriskuaren ebaluazioan zehaztu zen eta lanok, etorkizunean, eremuan uholde arriskua murrizteko egingo diren beste egiturazko jarduera batzuen osagarri izango dira.

Ekintza horiek Errenteriako Plan Estrategikoaren baitan kokatuta daude, azken urteetan “Oiartzun ibaiaren inguruneko Paisaiaren Ekintza Planaren” barruan egindakoen jarraipena dira: Fanderiako presa zaharraren arrapala, ur-beltzen saneamendua eta uren kalitatearen hobekuntza, erribera basoaren leheneratzea, izokin arruntaren itzulera…; hain zuzen ere, Errenteriako Udalak 2015eko abenduan abian jarri zuen plan hori Oiartzun ibaiaren habitata hobetzera bideratua.

Halaber, lanok Uraren Euskal Agentziak eta Errenteriako udalak 2017an sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan daude, ibilguetan eta Errenteriako lurraldea zeharkatzen duten ibai eta errekastoetako ertzetan elkarlanean aritzeko dena. Akordio horren bitartez Udalak konpromisoa hartu zuen Errenteria igarotzen duten ibaien hiri-eremuetan pilatzen diren hondakin eta beste oztopo batzuk jasotzen jarraitzeko, azken urteetan egin duen moduan. URAk, bere aldetik, udalerria zeharkatzen duten ibaien ibilgu eta ertzetan ingurumena leheneratzeko hainbat jarduera aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen.

Hobekuntza lan horien barruan zuhaitzak berritzeaz gain beste ekintza batzuk daude: anfibioentzako hezegunea egin, espezie inbaditzaileak eta Fanderia auzoan bananondoak kendu. Izan ere, bananondo asko ibaiertzetan gerizpea lortzeko modu erraz bezala erabili dira; baina, berez, ez dira tokiko erribera landaredia, eta hartzen duten tamaina handia dela-eta jausi daitezke eta uren bidean oztopo bihurtu ur handiko gertakarietan.