Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak eskuratzeko azken egunak

Ostiralean, abenduaren 22an eskainiko du kantaldia Benito Lertxundi abeslari oriotarrak Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian, gaueko 21:30ean. Emanaldia Orereta Ikastolak antolatu du, Zubiak Eraikiz proiektuaren baitan. Luzatu esku(h)ara leloarekin, Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko helburua du kontzertuak. 21 euroan salgai daude sarrerak, eta saldutako sarrera bakoitzeko, 10 euro, Biriatuko, Hendaiako, Urruñako eta Ziburuko ikastolak laguntzera bideratuko dituzte.

1.500 sarrera jarri zituzten salgai, eta oraindik geratzen dira sarrera batzuk. Haiek eskuratzeko ohiko salmenta puntuak erabili daitezke herrian, eta bestela, Orereta Ikastolaren web orrian sartuta ere eros daitezke. Euskarak ez du legezko izaterik Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan, eta ondorioz, Iparraldeko ikastolek, Seaskak alegia, sostengua behar dute aurrera egin ahal izateko.

27 urte pasa dira Benito Lertxundik azkenekoz Errenterian kontzertua eskaini zuenetik. Bi ordutik gorako kontzertua iragarri dute antolatzaileek; abeslaria zuzenean entzuteko aukera eta, euskararen aldeko lana uztartuko ditu kontzertuak, honenbestez.