Errenteriako Musika Bandak, Orfeoi Gaztea eta Orfeoi Txikia abesbatzekin kontzertua eskainiko du larunbatean

Alain Ayerdi, Esteban Urzelai eta Garazi Lopez de Etxezarreta kontzertuaren aurkezpenean.

Errenteriako Musika Bandak, Donostiako Orfeoi Gaztea eta Orfeoi Txikia abesbatzekin kontzertua eskainiko du larunbatean, abenduaren 23an, Errenteriako Fatimako elizan. Arratsaldeko 20:30ean izango da. Donostiako Orfeoi Gaztea eta Orfeoi Txikia osatzen duten 100dik gora haur eta gaztek parte hartuko dute kontzertu horretan.  Espreski haur eta gazteentzako bideratutako kontzertua izango da. Gaurtik aurrera (abenduak 18) sarrerak salgai daude Niessen Kulturguneko leihatilan, 5 €-tan.

Errenterian eskainiko duten kontzertu hori, abenduaren 28an Donostiako Kursaalen egingo dutenaren atarikoa izango da. Azken hau UNICEF gabon-kontzertua da, elkarte horretarako dirua biltzeko antolatutakoa, eta arratsaldeko 19:00etan izango da.

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) eta Donostiako Orfeoiak egiten duten elkarlana goraipatu du Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zinegotziak. Horrelako kontzertuak herrian izatea plazerra dela adierazi du, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu. Kontzerturako prestatu dituzten pieza batzuk aipatu, eta haien egileei, piezak utzi izana eskertu die Alain Ayerdik Bandaren izenean. Xabi Zabalaren, Fernando Velazquezen eta Angel Briz-en lanak entzungai izango direla aurreratu du. Esteban Urzelai, Orfeoi Gaztearen eta Orfeoi Txikiaren izenean mintzatu da. Errenteriako Musika Bandarekin dutela elkarlanarekin pozik agertu da, eta modu naturalean egiten dutela esan du