Guztia prest 2017ko San Tomas eguna ospatzeko

Bihar ospatuko da San Tomas eguna, eta dagoeneko guztia prest dago, egitarau oparoa antolatu dute. Urtero bezala, Gamon zumardia izango da jaiaren erdigunea, baina ez dira faltako txistorra postuak eta musikariak beste hainbat plaza eta kale girotzen.
Gamon Zumardiaz gain, ondoko lekuetan ere izango da zer ikusia: Agirre lehendakari plaza, Foru plaza, Biteri kalea, Herriko plaza. Aurten, Xabier Olaskoaga plazan ere egongo dira. Egitarauan ikus daiteke horietako leku bakoitzean egingo dituzten ekintzak. Honela, ohi bezala, txistorra postuez gain, baserritarrek euren produktuak jarriko dituzte herritarron eskuetara, baita artisauek ere. Eta, animaliak ere ez dira faltako.
Azken urteotako ekimenei eutsi eta aurten ere jantzi ederrena, baserritar postu dotoreena eta postuetako txistorra xamurrenak sarituko dituzte. Halaber, Saratxo txerriaren pisua asmatzeko aukera ere izango dute jaira bertaratutakoek. Horretarako, porra egin beharko dute urtero legez, eta txerriaren kiloak asmatuz gero, bere pisua dirutan eskuratuko du irabazleak.
Landarbaso abesbatzari omenaldia
Landarbaso abesbatzari omenaldia egiteko ere baliatuko dute biharko eguna antolatzaileek, 25. urteurrena duela-eta. Hain zuzen, aurtengo txerriari Saratxo izena jarri diote Landarbasoko batzordekidearen omenez.
Antolaketa batzordean talde asko eta mota guztietakoak daude. Hainbat norbanakorekin eta Udalarekin elkarlanean antolatzen dute San Tomas. Antolaketan aritu direnek horrela adierazi dute: “Herri honetan elkarlanean, guztia lor daitekeela sinesten dugu. Finean, horrela antolatzen baitugu gure ustez herritarrek gogo handiz esperoan egoten diren San Tomas eguna. Bai, elkarlana, koordinazioa, herrigintza. Izan ere, eremu zein esparru ezberdinetakoak bagara ere, adin edo jatorri ezberdinetakoak izanagatik ere, batu gara jaia antolatzera”. Hauexek dira, hain zuzen ere, batzordean aritu diren taldeak: Ereintza dantza taldea, AEK, Oiartzo batxillergoko ikasleak, Gaztelan, Sputnik, Landarbaso abesbatza, Grupo Oarso taldea, Koldo Mitxelenako ikasleak, Alaia, Alaitasuna, Pikoketa elkarte errepublikarra, Juventudes Socialistas, Doike, Motorbike, Oarso lifestyle, Oreretako burusoilen elkartea, Oreretako 4ak askatu, Oiarso saskibaloi taldea eta Stokke futbito taldea.
Egitarauari dagokionez, honakoa izango da:
11:00 Azokaren irekiera.
11:00 Errenteriako udal Txistulari banda.
11:30 Pregoia Zumardian.
12:00- 14:00 Euskal Jantzien erakusketa: Jantziaren zentroa, Kapitain Etxean.
13:00 Bertso Saioa, Foru plazan.
17:00 Txapel jaurtiketa txapelketa, Foru plazan.
17:30 Herri kirolak, Lehendakari Agirre plazan.
17:30 Dantzaldia, Xabier Olaskoaga plazan.
18:00 DEIDAR txaranga San Tomas lagun diren tabernetan zehar.
18:30 Jauziak, Zumardian.
18:30 Trikitilariak, herriko kaleetan zehar.
20:30: Sari banaketa Zumardian: Txistorra onena, Jantzi ederrena eta postu dotoreena. Saratxoren porraren emaitza.
Antolatzaileek herritarrei dei egin diete San Tomas eguna ospatzera hurbil daitezen, eta ondoko mezuok ere zabaldu dituzte: jantzi dezatela baserritar jantzia; ekar dezatela etxetik edalontzi berrerabilgarria; erabil dezatela euskara komunikatzeko; ez ditzatela onartu eraso sexistak ez jai honetan, ez inoiz; eta errespeta ditzatela egunean bertan egongo diren animaliak eta lagun dezatela eguna paregabea atera dadin.