Aniztasunean elkarbizitza sustatzeko aliantzaren itzultze ekitaldia egin dute

Larunbatean, abenduaren 16an, elkarbizitzako herri-aliantzaren itzultze saioa egin zuten Reina aretoan. Goizeko 11:00etatik 13:00ak bitarte ekintza desberdinak gauzatu ziren bertan, eta 30 bat lagun bertaratu ziren herriko eragile desberdinen izenean, nahiz norbanako gisara interesatuta.
Saioari irekiera eman zion ongi etorria emanez, udaleko Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkariak, Nagore Basurtok. Ondoren, bideo labur baten bidez, orain arteko saioen laburpena eskaini zuten. Hain zuzen ere, erronkak ateratzeko dinamika saioen berri eman zuen proiekzioa eskaini zen.

Aurrera begirako erronka, urtarriletik aurrera abiatuko dena, eskaini zuen alorreko teknikariak, Samira Goddik. Alde batetik, jakinarazi zuen egun horretan bertan zabaldu zela Bernardo Atxagaren Manifestuarekiko atxikipenak webgunearen bidez jasotzeko epea. Bestetik, erronka horiek gorpuztu eta lurreratzeko ekintzak azaldu zituen eta, azkenik, gaiak, alorrek eta talde nahiz norbanakoek behar dugun hausnarketarako gunea eskaintzen segituko zela adierazi zuen.
Elhuyarreko teknikaria den Goizargi Oruesagastirekin batera irakurri ziren modu bateratuan eta 7 erronka nagusiren pean alorrez alor ondorioztatutakoak. Erronka horiek, saioak iraun zuen bitartean, hizkuntza desberdinetan egon ziren eskegita aretoan.
Horien irakurketa egin ostean Pausa Clown-ak, hau da, Virginia Imazek, metafora eta umorez erronka horiek bertaratuei helarazi zizkien. Errenteriaren aurrea hartzea eta ausardia baloratu zituen, eta tresna desberdinak erabili zituen horretarako. Aretoaren atzeko aldean, Axpi ilustratzaileak, Ainara Azpiazuk, mural bat egin zuen era grafiko eta argian ere erronka horiek irudikatuz.
Ekitaldia amaitzeko, Kromosomaren eskutik jokoak egon zituzte bertan zeuden haurrentzat. Horrez gain, bertaratutako batzuk izen-emate fitxa bete zuten, Manifestuari atxikipena eman zioten lehenak bilakatuz. Aipatu beharra dago horri guztiari zaporea emateko, eta saioak iraun zuen bitartean, Arabik On-ek bertaratutakoen eskura jarri zituela prestatutako kafea eta gozoak.

Herri-aliantzari bururzko informazio zehatzagoa aurki dezakezu ondorengo helbidean: herribizia.errenteria.eus/aliantza-elkarbizitza/