Zumba maratoi solidarioan bildutako diru ekarpena eman diote Juneren Hegoak elkarteari

Jon Txasko, Maite Gartzia eta Joseba Pikabea diru ekarpena egiteko unean.

Abenduaren 23an zumba maratoi solidarioa egin zuten Galtzarabordako udal kiroldegian. Guztira, 91 pertsonek hartu zuten parte. Hasierako saioan, haurrei zuzendutakoan, 14 neska-mutil aritu ziren eta helduentzako saioan, berriz, 77 lagun. Parte hartzaile horien ekarpen ekonomikoari eta 0 lerroan jasotako diruari esker, 852 euro bildu ziren.
Diru-kopuru hori, osorik, Errenteriako Juneren Hegoak elkarteari eman diote gaur eginiko ekitaldi xumean.

Jon Txasko Kirol zinegotzia,  Joseba Pikabea kiroldegiko jardueren antolatzailea eta Maite Gartzia Juneren Hegoak elkarteko ordezkariak izan dira ekitaldian, baita ere Gorka Bengoetxea Serviocioko arduraduna. Ekitaldian eman dioten ekarpenaren bidez, laguntza eta babesa adierazi nahi dio udalak Juneren Hegoak elkarteari, hain zuzen ere, seme-alaben gaixotasunek, heriotzak edo doluak eragindako egoerari aurre egin behar dioten Gipuzkoako familiei laguntzeko egiten duen lanagatik. Ekarpen ekonomiko horri esker, Juneren Hegoak familia gehiago laguntzeaz gain, gizarte lan izugarri hori egiten jarraitu ahal izango du.
Halaber, Errenteriako Udalak eskerrak eman dizkie jarduera horretan parte hartu zuten guztiei. Horrez gain, eskerrik beroena adierazi die Serviocio SL enpresako langileei eta Super Amara supermerkatuari, Errenteriako Merkatuari, NutriSport, nahiz Loiola Alquileres y Montajes S.L. enpresei maratoi solidarioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Maite Gartziak esker ona adierazi du jasotako ekarpenagatik, eta ekitaldia oso ongi antolatuta egon zela nabarmendu du. Azkenik, Gorka Bengoetxeak aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko nahia adierazi du.