Urtarrilaren 30ean auzokonpostaje guneetako ikuskaritza izango da

Hurrengo asteartean Errenterian kokatutako auzo-konposta egiteko 6 guneetara hileroko jarraipen-bisita egingo du Udalak. Lanok Errenteriako Udalak bultzatutako konpostaje-programaren baitan kokatzen dira eta, bertan parte hartzen duten herritarrei, dela auzokonposta egiten nola etxeko konposta egiten, zaborraren tasan %30eko hobaria aplikatzen zaie.

Ikuskaritza-lanak  14:00etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta, aurreko jarraipen-bisiten antzera, honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaño (lehenik Arramendi igoeraren hasieran kokatuta dagoen gunea eta ondoren, Gaztaño 44 zenbakiaren parean dagoena) eta Alaberga (auzoko familiek erabiltzeko guneaz gain, Uztargi haur-eskolak ere konposta egiten du). Ikuskaritza hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Hori dela eta, erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua finkatu nahiko balu, aldez aurretik 628 532 303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo, bestela, ondorengo epostara idatzi, hurrengo astelehena baino lehen: auzokonpostae@errenteria.eus.

Era berean, oraindik auzo-konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrek, goian aipatutako bideak erabil ditzakete Izadi 21 aholkularitza-enpresarekin harremanetan jartzeko.

Etxean konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen die Udalak, konposta egiteko orduan sor daitezkeen zalantzei erantzunez eta intzidentzien inguruko informazioa jasoaz. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero edo herritarren batek etxean konposta egin nahiko balu, honako posta elektronikora idatz dezake: etxekonpostae@errenteria.eus.

 

Alabergan kalitatezko konposta atera zuten, auzolanean

Urtarrilaren 17an, Alaberga auzoan kokatutako gunean euren biohondakinak kudeatzen dituzten herritarrek heldutako konposta zuen ontzietako bat hustu zuten, elkarlanean. Konpost horren laginak azaroaren amaieran bidali zituen Udalak homologatutako laborategi batera aztertzera eta udal-zerbitzuei bidalitako emaitzen arabera, Alabergako ontzi horretako konpostaren kalitatea ona dela ondorioztatzen da. Konpost hori ongarri natural moduan erabiliko dute familiek edo/eta Udalak berak aurrerantzean (lorezaintzan, baratzeetan edo lorontzietan, esaterako).