Bederatzi inauteri ikusgai…eta hamargarrena kaleetan!

Datorren otsailaren 2an, 18:00tan, “Furius: hamar urte disdiratsu” erakusketa zabalduko da ekitaldi labur batekin Xenpelar Etxean.

Urte berezia izango da 2018 Furiusentzat. Hamar urte igaro dira konpartsa hau eta bere elkartea martxan jarri zirenetik. Urteurren hau baliatuz hainbat proiektu berriri hasiera emango diote.

Egun hauetan, inauterietarako prestakuntza lanetan buru belarri ari direla, lehenengo ekitaldi berezia izango dute bere hamargarren urteurreneko erakusketarekin. Bertan hamar urte hauetan erabili izan dituzten jantzi, mozorro eta materialak ikusi ahal izango dira, beraien kabuz eginak guztiak. Eboluzioa nabarmena da, gai eta jantzi sinpleetatik abiatuta izen handiko inauterien maila bera lortuz. Mexico, Wall Street, Pixar edo Mahai Jolasak, besteak beste, dira Furiusek erabili izan dituen gaietako batzuk, bere diseinuak gai unibertsalekin nahastuz. Inauterien zaleek ikusi beharreko erakusketa. Elkartearen hamar urte hauetako argazkiak erakutsiko dira ere, eta erabili izan dituzten dantza eta abestiak entzun ahal izango dira bertan.

Bestetik, eta ohikoa den moduan, datorren asteetan Furius ikusi ahal izango dugu Errenteriako inauterietan beraien 10. edizioan. Jai Toki Kultur Elkarteak erakusketa eta desfileak ikustera animatzen zaitu, talde askok abilezia handiarekin eta lan ordu askorekin kaleak poztasunez eta kolorez beteko baitituzte.

Erakusketa otsailaren 17a arte egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara.