Ofizioen inauteria aurkeztu dute inauterietako batzordekideek

Azken urteetako bideari jarraiki, inauteri koloretsuak antolatzeko lanean aritu dira Inauteri Batzordeko kideak. Oraingoan, indar berezia jarri dute, herritar guztien gozamenerako, adin guztietarako egitaraua antolatzeko eta hala azaldu zuten atzo, urtarrilaren 31n, egindako prentsaurrekoan.

Herria zertaz mozorrotu nahiko luketen galdetuko zieten herritarrei duela 4 hilabete, eta geroztik, eskuprograman jasotzen diren ekintzak lantzen aritu dira: kaldereroekin ekingo zaio festa giroari asteburu honetan eta Iñude eta artzainen desfilearekin amaituko da, otsailaren 18an. Tartean izango dira ofizioetan oinarrituko diren inauteri egunak.

Gogoan hartzeko hitzordu batzuk aipatu nahi izan zituzten atzo:

Inauterien hasiera

Otsailaren 8an, 20:00etan, festari hasiera emateko ekitaldi berezia izango da Herriko plazan. Azeriko lagunak udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsua izango da jarraian.

Herri-bazkaria

Herri-bazkaria ere antolatu dute beste behin: otsailaren 10ean izango da hori, 14:00etan, Merkatuzarren.

Ekimen honek herritarren artean izan duen harrerarekin bereziki pozik daudela adierazi zuten. Izan ere, aurtengoan, sarrerak salgai jarri eta egun horretan bertan tiketak amaitu baitira. Hau horrela, eskerrak eman nahi izan zizkieten bertan parte hartuko duten 500 lagunei.

Tabernen arteko mozorro lehiaketa

Bederatzi taberna lehiatuko dira mozorro onenaren saria eskuratzeko. Hauek dira taberna parte-hartzaileak: Landare, Zuketz, Kerala, Aker, Egiburu, Sindikato, Xera, Gamon 14 eta Zuzen.

Arte ederretan aditua den talde batek sari nagusia emango badu ere, herri bozketa bidez aukeratuko dute herritarrek lehiaketan parte hartzeko izena eman duten tabernen artean gustukoena. Bozketa otsailaren 8an hasiko da eta otsailaren 13an amaituko da. Botoa Herri Bizian inauterietarako sortutako atal berezian eman ahalko dute.

Egitarau osoa

Jai egun hauetarako osatu duten ekintzen zerrenda egitarau batean bildu dutela ere jakinarazi zuten. Jada udal eraikin publikoetan, hainbat kioskotan eta turismo bulegoan dago eskuragarri. Formatu digitalean, aurkituko dute, hala nahi dutenek, Herri Bizian. Hori, eta baita inauteri egunetan egindako argazki bildumak ere.

Azkenik, herritarrei gonbitea luzatu nahi izan zieten jai egun hauen bizipenak partekatu nahi badituzte #ofizioeninauteria traola erabiltzeko sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Modu honetan, Errenteriako inauterien kontakizun kolektiboa osatzeko.