Azalean, sexu aholkularitza udal zerbitzua sortu da

Azalean, sexu aholkularitza zerbitzua aurkeztu du gaur Errenteriako Udalak. Otsailaren 15etik aurrera jarriko da martxan. Aurrez aurreko arreta eskainiko dute astean behin, Merkatuzarren, eta horrez gain, telefono eta posta elektroniko bidezko zerbitzua ere eskainiko dute. 14 urtetik gorako errenteriarrei zuzenduta dago.

Itziar Ostolaza Gazteria zinegotzia eta Garazi Lopez de Etxezarreta Hezkuntza eta Berdintasun zinegotzia izan dira aurkezpenean. Haiekin batera, zerbitzua emango duen Harremanak elkarteko Olatz Berastegi eta Oihana Briones bertaratu dira. Iaz Gazteriako plan estrategikoa egin zutenean sexuaren gaiak interes berezia piztu zuela gogorarazi du Ostolazak, eta horregatik, batez ere, 13-18 adin tartean jarri dute arreta, berak esan duenez. Herriko ikastetxeekin harremanetan daude eta gaztetxoei zerbitzua aurkezteko zentroetara joateko asmoa dute.

Herri ikuspegitik eta herri osasuntsu baten ikuspegitik horrelako zerbitzu bat edukitzearen garrantzia nabarmendu du Ostolazak. Sexu heziketa herri osasuntsu baten ardatza da. Norberaren burua ezagutzea eta onartzea; erotika osasuntsua lantzea; sexu-identitateaz hausnartzea; harreman ereduak birpentsatzea; rol eta estereotipoekin haustea… Finean, balore positiboetan eta sexu identitate anitzen arteko aukera berdintasunean oinarritzen den sexualitatean Errenteria heztea.

Horretarako, otsaileko 15etik aurrera Azalean sexu aholkularitza udal zerbitzua martxan jarriko da. Sexu edo sexualitatearen inguruko edozein kuriositate, zalantza nahi kezka asetzeko zerbitzua 14 urtetik gorako errenteriarrei zuzenduta dago. Zerbitzua konfidentziala eta profesionala izango dela adierazi dute.

Zalantzak argitzera nahi dituen pertsonak erosoen gertatzen zaion aukera hauta dezake: telefonoa, online edo aurrez-aurre. Arreta zuzena hautatuz gero, bakarrik edo taldean etor daiteke. Azalean sexu aholkularitza udal Zerbitzu honetan sexologian profesionalak diren pertsonek laguntza eta aholkularitza eskainiko dute konfidentzialtasuna bermatuz eta inongo kostu ekonomikorik gabe.

Arreta Zuzena: Osteguna 18:00-20:00 bitarte.
Merkatuzar. Pablo Iglesias 3, Errenteria.
Telefonoa: 943449640

Edozein unetan: azalean@errenteria.eus edo gazteria.errenteria.eus/azalean

Garazi Lopez de Etxezarretak nabarmendu du gazteria, hezkuntza eta berdintasuna uztartu direla proiektu honetan. Harremanak elkarteko kideek sortzen diren hainbat galdera aipatu dituzte, eskuorrian kontsulta daitezkeenak, besteak beste. Sexuaren inguruko galdera zehatzez gain, orientazioa eta amatoria ere landuko dituztela azaldu dute.