Arramendi parkea 15.000 m2 handiagoa izatea ekarri du prozesua aurrera eramateak

Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, Arramendi parkea (36. sektorea) parke garrantzitsuena da Errenteriarentzat. Errealitate horretaz jabetuta eta Errenteria hiriarentzat duen garrantziaz kontziente izanik, Udalak orain dela hilabete batzuk prozesu parte-hartzaile bati hasiera eman zion parke horren etorkizuna eta identitatea zehazteko helburuz. Kontuan hartuta Plan Orokorraren berrikusketa laster egingo dela, helburu garbia zen adostasun sozial eta politiko nahikoa lortzea, planaren alderdi naturalena blindatzea ahalbidetzeko.

Prozesua gogobetegarria izan da parte hartu duten auzo elkarteentzat eta kirol eragileentzat, bai eta parte hartu duten norbanako gehienentzat, nahiz eta ez den horrela izan guztientzat.

Prozesua sustatu zuen konpromisoak bere horretan dirau. Izan ere, babestu nahi genuen Arramendi-36 sektorearen esparrua hasierakoa baino handiagoa izango da prozesua amaitzean, parkeak orain baino 15.000 m2 gehiago izango baititu. Azpimarratu behar da prozesuan zehar lortu den adostasunari eta horren gainean udalak hartutako gidaritzari esker izan dela egingarria.

Hori guztia posible izan da prozesuan parte hartu duten eragile ororen konpromisoari esker, beraien borondate onez hain beharrezkoa den kontsentsu soziala eraiki dutelako. Horrekin batera, gobernu taldeak konpromiso sendoa erakutsi du parkearen kanpoaldeko eremuak integratzeko, parkea handiagoa izan dadin.

S-36, Arramendi, prozesuaren oinarria eta ondorioak

Esan bezala sentimendu horretatik jaio zen 36. sektorearen inguruko prozesu parte-hartzailea, Arramendi izenez ezagunagoa.

Prozesu horretako lehen bileran garbi geratu ziren arestion aipatutako bi printzipioak (Arramendi babesteko kontsentsua eraikitzea eta udalak adostasun hori lortu nahi zuela hurrengo Plan Orokorrean txertatu eta blindatze soziala emateko). Era berean, jendaurrean azaldu zen prozesua aurrera eramango zela egungo Plan Orokorra eta 36. sektorearen Plan Berezia errespetatuz. Hau da, aurrez hartutako akordioak errespetatuko zirela.

Horrela, gazteentzat diren 51 zuzkidura-bizitokiak onartu ziren, 36. sektorearen barruan kokatutako bakarrak, Eusko Jaurlaritzarekin 2008an egindako hitzarmen batetik datozelako. Hitzarmen horri 2010ean talde politiko guztiek eman zioten babesa. Horren harira esan behar da udala, Eusko Jaurlaritza eta sailburuordearekin harremanetan jarriz, ahalegindu dela bizitoki horiek lekuz aldatzen, Arramendi sektoretik kanpo kokatu daitezen.

Babestearen filosofiari jarraiki gehitu zaizkio 15.000m2 parkeari. Baina ez da soilik espazio handi hori gehitu, hainbat konpromiso ere hartu baititu Udalak bere gain, esaterako:

– Hirigintza araudia egokitzea parkea babesteko.

– Gotorlekua berreskuratzea.
– Iluminazio inteligentearen proiektuaren idazketa eta gauzatzea.

– Barrera akustiko eta bisualak autobidean zehar jartzea.

– Kantina eta bere erabilera birformulatzea

– Gaztainoko ospakizunen espazioa mantentzea.

Prozesu osoa jasotzen duen dokumentu guztia parte hartu duten guztiei bidaliko zaie hurrengo egunetan eta web orrian ere jasoko da orain arteko izaera gardena mantentze aldera.

http://herribizia.errenteria.eus/arramendi

Otsaiilaren 9tik, ostiraletik, eskuragarri.