AISA ikastaroetan, etorri berrientzako euskara eskoletan, izena emateko epea otsailaren 19an bukatuko da

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak herritar etorri berrientzako hastapeneko AISA euskara eskolak antolatu ditu eskualdeko lau herrietan udal euskaltegiekin eta AEKren euskaltegiekin elkarlanean. Oarsoaldeara munduko gainerako herrietatik etorri berri diren eta herri horietan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.

Euskarazko lehen hurbilpena egin nahi da ekimen honekin. Eta modu honetan euskaltegietako hurrengo urratsak emateko bultzada erraztu. Ikastaroa laburra izango da, 60 ordukoa. Otsailaren 26an hasi eta ekainaren 22an bukatuko da eta astero lau ordu emango dira. Astean bi orduko bi saio jasotzeko aukera egongo da, edota larunbat goizetan lau orduko saioa egitekoa. Eskolak eskualdeko udal euskaltegietan eta AEKren euskaltegietan emango dira, baina lekua aldatzeko aukera ere egongo da, hala nahi bada. Oinarrizko informazioa hainbat hizkuntzatan idatzitako eskuorrietan dago. Hemen, arabieraz, gaztelaniaz eta ingelesez bat, eta bestea, arabieraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Izen-ematea
Izena emateko epea otsailaren 19an bukatuko da. Horretarako nork bere herriko udalaren euskara zerbitzura joan beharko du:

  • Errenteriako Euskara Zerbitzua 943 449 613 (Herriko enparantza z/g)
  • Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)
  • Oiartzungo Euskara Zerbitzua 943 493 842 (Fermiñene etxea. Aialde, 3)
  • Pasaiako Euskara Zerbitzua 943 004 330 (Euskadi etorbidea 61)

Matrikularen prezioa 5 eurokoa izango da. Eta matrikularen kostuari aurre egiteko laguntzei buruzko informazioa galdetzeko gomendatu dute antolatzaileek. Gainera, ikasturte amaieran, ikasturtearen “aprobetxamendu egokia egin duten ikasleek” ikastaroa egin izanaren agiri bat eskuratuko dutela jakinarazi dute.