Errenteria Musikaleko ikasleen kontzertuarekin hasita, musika ikuskizun ugari izango dira asteburuan

Asteburuan musika ikuskizun ugariz gozatzeko aukera izango da herrian. Ostiralean bertan, otsailaren 23an, hasiko dira emanaldiak. Errenteria Musikaleko Konposizio Oinarriak taldeko ikasleek kontzertua eskainiko dute Magdalenaren basilikan 18:30ean.

Igor de Castro, Beñat Kamio, Iosu Mendia, Oihan Espina eta Oier Nieto dira ikasleak, eta bere azken lanak eskainiko dituzte kontzertu honetan. Hauxe da egitaraua:

  • Melodia bat kantu gregoriar erara…………..Igor de Castro
  • Organum……………………………………..Igor de Castro
  • Organum melismatikoa………………………Igor de Castro
  • Motete zati bat Errenazimenduaren erara….Igor de Castro
  • Melodia bat kantu gregoriar erara…………….Beñat Kamio
  • Organum……………………………………….Beñat Kamio
  • Motete zati bat Errenazimenduaren erara……Beñat Kamio
  • Minuet – Trio – Minuet………………………….Josu Mendia
  • Minuet – Trio – Minuet…………………………Oihan Espina
  • Minuet – Trio – Minuet……………………………Oier Nieto

Lira: Igor de Castro
Teklatua: Beñat Kamio
Saxofoia: Josu Mendia
Klarinetea: Oihan Espina
Biolina: Oier Nieto

Kontzertu hori, ordea, ez da asteburuko bakarra izango. Larunbatean beste bi kontzertu izango dira, bata Magdalenaren basilikan bertan, eta bestea, Fatimako elizan.

Larunbatean abesbatzak basilikan eta Musika Banda Fatimako elizan

Otsailaren 24an, larunbatean, iluntzeko 20:00etan kontzertua eskainiko dute Elai abesbatzak eta San Juan Bautista Mondragon parrokiako koroak Maria Magdalenaren basilikan. Kontzertuaren lehenengo zatian Elai abesbatza ariko da, eta bigarrenean bi abesbatzak ariko dira batera. Kontzertuan eskainiko dituzten piezak egitarauan agertzen dira.

Larunbatean bertan, baina 20:30ean, Fatimako elizan, Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) antolatuta, herriko Musika Bandak elkartasun kontzertua eskainiko du  Juneren Hegoak elkartearen alde, Darth Wagner elkartasun kontzertua. Kontzerturako sarrerak 5 eurotan daude salgai, eta bildutako diru guztia aipatu elkarteari emango diote. Kontzertuaren programan ikus daitekeenez garai desberdinak lotuko dituzte kontzertuan.

Azkenik, igandean txistularien diana izango da 09:00etan. Aste honetan Gabierrotan eta Fanderian izango da.