Gordailuak Errenteriako Jantziaren Zentroko mila pieza hartu, kontserbatu eta zabalduko ditu

Ramon Garcia, Denis Itxaso eta Ion Collar aurkezpenean.

Jantziaren Zentroko 997 pieza Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora (Gordailua) pasako dira, komodatu formula baliatuz. Hori ahalbidetuko duten akordioa lortu dute Aldundiak eta Jantziaren Zentroak, eta horren berri eman dute Denis Itxaso Kultura diputatuak, Ion Collar Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziak eta Ramon Garcia Errenteriako Jantziaren Zentroko arduradunak.

Izan ere, Gordailuaren xedea da euskal kulturarako interesekoak diren bildumak gorde eta zabaltzea: ikus arteetakoak, arkeologikoak, etnografikoak nahiz ondare industrialekoak.

Iraultza Taldea, berriz, Euskal Herriko eta munduko jantzi bilduma garrantzitsu baten jabea da. Bildumaren funtsa osatzen duten jantzi horiek ikusgai egoten dira, Errenteriako Jantziaren Zentroan egiten diren aldi baterako erakusketetan. Orain, elkarteak 997 pieza lagako dizkio Gordailuari: emakumezkoen 690 jantzi, gizonezkoen 182, 46 oinetako eta 79 oihal. Guztiak XVIII, XIX eta XX. mendeetakoak. Emakumezkoen 42 janzki oso eta gizonezkoen 7, eta beste hainbat pieza, hala nola txalekoak, lebitak, brusak, jakak, uniformeak, kapak, txaketak, kapelak, gerruntzeak, kankanak, pololoak, mantoiak eta soinekoak. Apaiz arropak ere badaude, eta umeenak: kapota, bataio arropa eta bainujantzia esaterako. Beste hainbat pieza: ligak, xistera kutxa, polainak, eskumuturrekoak, begiztak, botoiak, eskularruak, toga, kortseak, eskuzorroak, mitoiak, lebita, gerruntzea, jipoia, estola, mantelina, gerruntzearen haga, xala, parpaila, polisoizko armazoia, lumazko apaingarria, beloa, poltsa, zapatak garbitzeko hautsa, artilezko sokak, zurezko moldeak eta hainbat oihal, hala nola izarak, toallak, sehaska arropak, estola, trapua, manta, aldareko oihala, tximeleta begizta, parpailak eta enkajeak.

Kontuan hartuta bilduma honen bokazio publikoa eta erakusgai ez dauden funts askok Gipuzkoaren ondarerako duten garrantzia, eta aintzat hartuta Gordailua dela ehunezko funts horiek gordetzeko baldintza onenak betetzen dituen ekipamendua, Aldundiak erabaki du ia 1000 pieza horien kargu egitea, eta Gordailuan hartzea, bertan gorde eta zaintzeko.

Iraultza taldea arduratuko da informazio guztia digitalizatzeaz, Gordailuak bere katalogoan sar dezan, eta elkartea bera arduratuko da, baita ere, jantziak gordetzeko beharrezkoak diren kutxa bereziak eskuratzeaz. Akordio honen hasierako iraupena bost urtekoa da, baina luzatu daiteke. Piezak lagapenean utzi daitezke, edo lekuz aldatu daitezke, aldi baterako, ahalik eta zabalkunde handiena eman nahi baitzaie.