Gipuzkoako orientazio liga herrikoia egingo dute igandean Urdaburu mendi inguruetan

Hurrengo igandean, martxoaren 18an, Gipuzkoako III Orientazio Liga egingo dute Urdaburu mendi inguruetan, Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatuta eta Errenteriako Udal Kirol azpisailak lagunduta.

Interesatuek talde antolatzailearen web orrian eman dezakete izena, martxoaren 15eko 22:00ak arte. Parte-hartzaile kopurua gehienez 400 pertsonakoa izango da.

Ohi bezala hiru ibilbide izango dira (gorria, laranja eta horia) eta parte-hartzaile bakoitzak, bere ezaugarrietara ondoen egokitzen dena aukeratu beharko du.

  • Ibilbide gorria (6 km. inguru): kirola ezagutzen dutenei zuzendua.
  • Ibilbide laranja (4 km. inguru): kirol honetan murgiltzen direnei zuzendua.
  • Ibilbide horia (3 km. inguru): familiei zuzendua.

Harrera-gunea Idoian izango da (Susperregi jatetxea) eta proba Aiako Harria Parke Naturalean burutuko dute.

Informazio gehiago www.gotorientazioa.org webgunean.