Apirilaren 3an abiatuko da udaltzainek gainbegiratuko duten TAO sistema berritua

Errenteriako Udalak herritarrei jakinarazi nahi die udaltzainek beraiek kudeatuko dutela apirilaren 3tik aurrera TAO aparkalekua. Abenduan amaitu zen TAO aparkaleku arautua kontrolatzeko zerbitzua emateko kontratua, eta Udalak zerbitzua bere gain hartzea erabaki zuen. Epe honetan lanean, berriz, udaltzaingoko teknikariak aritu dira Errenterian mugikortasuna era adimentsuagoan kudeatu eta kontrolatzeko behar den ekipamendua instalatzen eta prestatzen.

Izan ere, mugikortasunaren kudeaketaren baitan biltzen baitira aparkatzeko denbora mugatua duten eremuak kontrolatzeko lanak. Hartara, Udalak jakinarazi nahi zerbitzu berria zuzenean emango dutela udaltzainek apirilaren 3tik aurrera.

Berritasunei dagokienez, hauek aipatu nahi ditu Udaltzaingoak:

1.- Aldikako TAO txartela birtuala izango da; hau da, sakelako telefonoarekin ordaindu ahal izango da. Urte osoko titulurik (egoiliarrak, merkatariak, etab.) ez duten erabiltzaileek aukera izango dute tasa ordaintzeko telefono mugikorra baliatuta, El Parking aplikazioaren bidez. Aplikazio bera erabil daiteke Donostian eta Irunen ere. Horrez gain, aplikazio hori erabilita ordaindutako zenbatekoa doitu ahal izango da ibilgailua aparkatuta dagoen lekutik kentzerakoan, benetan erabili den denboraren arabera.

2.- Tasa kaleko makinetan zuzenean ordaintzen bada, ez da nahitaezkoa izango txartela ibilgailuan jartzea.

3.- Martxo amaieran gobernu taldeak Ordenantza Fiskala aldatzeko proposamena Udalbatzara eramango du; hartara, onartu eta indarrean sartu ondoren, lehen hamabost minutuak doan izango dira. Hala ere, nahiz eta doan izan, gidariek ibilgailuaren matrikularen datuak sartu beharko dituzte, El Parking aplikazioaren edo kaleko makinen bidez, bestela joko da ibilgailua arauz kontra aparkatua dagoela.

Udalak espero du kudeaketa-sistema berri honekin hobetuko dela ibilgailuen erdiguneko zirkulazioaren kudeaketa.