Jantziaren Zentroak erakusketa iraunkorra aldatu du irekieraren lehenengo urtemugan

Jantziaren Zentroko bi solairuetan erakusketa berria dago ikusgai. Jatorrizko 30 jantzi dira bi aretotan banatuta. Iraultza dantza taldearen helburua zen 8 hilabeteko tartean egitea erakusketa aldaketa. Espero baino luzego jo du lan horrek, aldaketa egin bitartean Jantziaren Zentroa zabalik izan delako, ez dituelako ateak itxi.

“Herri Jantziak” izeneko aretoan, 15 jantzi ikus daitezke. Gehienak dohaintzan emandakoak dira, eta horien inguruko dokumentazio handia batu du Iraultza dantza taldeak.

Azpimarratzekoak honakoak: Raimundo Arbide Sorondo (Errenteria 1858-1932) herriko zinegotziaren jantzia, gizonezko doluzko jantzia (Sara, Lapurdi) edota Neguriko (Getxo, Bizkaia) 1920 garren urteko iñude jantzia.

“Jantzien bilakaera” izeneko aretoan, 15 jantzi daude ikusgai, azpimarratzekoak, 1920 garren urteko Madrilgo haurtzain jantzia, edo 1903ko Lapurdiko emakumezko jantzia. Azken honek gona eta hiru gorputz ditu, egunaren une jakin bakoitzean janzteko arropa: goizerako, arratsalderako edo gauerako gorputza.

Bigarren erakusketa honetarako Jantziaren Zentroak paperezko ile-orde edo pelukak egin ditu. Manikiak soinean daraman jantziaren garaiko orrazkera duten ile-ordeak dira. Helburua da, jantzia osorik, jabeak erabili zuenean nolako itxura zuen nolabait ikustaraztea.

Jantziaren Zentroak urtebeteko balorazio baikorra egin du

Apirilaren lehenean, Jantziaren Zentroak urtea beteko du. Denbora honetan guztian, 1.400 bisitari baino gehiago bertaratu da erakusketa finkoa ikustera. Profilari dagokionez, gehienak emakumezkoak izan dira, 35-55 urte bitartekoak eta jatorriz Errenteria edo Oarsoaldekoak.

Ikasturte berriarekin batera, ikastetxeentzako bisita gidatuak prestatu dira. 13-15 urte arteko hainbat talde pasa dira Kapitain-Etxetik eta bai ikasle eta baita irakasleek ere, balorazio ezin baikorragoa egin dute.

Urtebete honetan modan eta joste lanetan adituak diren pertsonak ere etorri dira Jantziaren Zentrora, Kutxa Kulturreko diseinatzaile berriak eta Donostiako AEG moda eskolako ikasleak esaterako. Euren esanetan, espero ez zuten bilduma topatu dute, bai jantzien kalitate eta aberastasunagatik, bai jantziak erakusgai nola jarri diren ikusita.

Orohar bisitarien iritzia baikorra da, guztien ahotan: “Espero ez nuen erakusketa topatu dut. Kalitate handikoa eta bisualki ongi prestatua”.

Hamabi hilabeteko ibilbide laburrean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuarekin hitzarmena adostu da, Iraultza dantza taldearen bilduma bertan, baldintza ezin hobetan, gorde dadin. 2017 ko apirilaren lehenetik gaurdaino ikusgai izan diren 30 jantziak jada Irunen kokatuta dagoen Gordailurako bidean dira.

Jantziaren Zentroa asteburuetan eta jai egunetan zabaltzen da, larunbatetan 11.00-14:00 etara eta 17:00-20:00 etara, eta igande eta jai egunetan 12:00-14:00 etara. Aste Santuko jai egunetan goizetan 12:00etatik 14:00etara irekiko da.

Bisita gidatua egin nahi izanez gero, Errenteriako turismo bulegoan izena eman behar da. 943 49 45 21 telefonoan edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.