Udalak altzariak jasotzeko zerbitzu berria aurkeztu du

Errenteriako Udalak, herria txukun eta osasungarria mantentzeko asmoz, doako zerbitzu berria jarri du martxan altzariak eta antzeko etxe-hondakin handiak biltzeko.

Hemendik aurrera nahikoa izango da 943 34 13 45 telefono zenbakira deitzea eta bilketarako eguna eta ordua hitzartzea, zerbitzuko langileek jaso ditzaten birziklatu nahi diren trasteak. Telefono honetan 08:00etatik 15:00etara erantzungo dute, eta gainerako orduetan mezu bat utzi ahal izango da erantzungailuan.

Bilketa guneak etxeko ataritik ahalik eta hurbilen ezarriko dira, beti ere kamioneta egoki ibiltzea bermatuz. Gune horiek hitzordua hitzartzerakoan zehaztuko dira.

Bestalde, garbigune sareak erabilgarri jarraitzen du eta norberak hara eraman ditzake traste zaharrak, hala nahi izanez gero.

Bestalde, gogoratu behar da autonomoek eta enpresek sortutako hondakinak eta obra-hondakinak ere gune berezituetara bota behar direla.

Zein objektu jasoko dituzte zerbitzu berriko langileek eta zeintzuk ez

Zerbitzu berriarekin honako objektu hauek jasoko dituzte:

• Altzariak: mahaiak, armairuak, sofak…

• Koltxoiak eta somierrak.

• Lerro zuriko etxetresna elektrikoak: hozkailuak, arropa garbigailuak, mikrouhin-labea …

• Lerro gris-marroiko etxe tresna elektrikoak: telebistak, ordenagailuak, dvd irakurgailuak…

Zerbitzuko langileek EZ dituzte honako zerbitzu hauek jasoko:

• Pneumatiko zaharrak, pintura poteak, obra hondakinak, olioak, pilak, bateriak eta abar.

Material horiek ohiko garbiguneetara edo datozen hilabeteetan abian jarriko diren garbigune mugikorretara eraman beharko dira.

Zerbitzu berria jakinarazteko kanpaina

Udalak martxan jarri du zerbitzu berria ezagutarazteko kanpaina eta aste honetan zehar eskuorri eta iman bana sartuko dituzte herriko postontzi guztietan. Bestalde, kartelak jarriko dira atarietan eta iragarkiak markesinetan.

Zerbitzu berria datorren asteazkenean abiatuko da, baina gaurtik adostu daitezke hitzorduak.