“RSU” egitasmoa abiatu denetik herritarrek hondakinen sailkapenaren inguruko zalantza ugari argitu dituzte

Oarsoalde Eskualdeko Garapen-Agentziak eta Udalak “RSU egitasmoak” otsailaren 5ean eman zioten hasiera Errenterian, kaleko hondakin-edukiontzien ondoan ingurumen-hezitzaileak zabalduz eta bertaratutako herritarrei hondakinen inguruan informatuz eta sentsibilizatuz. 

Dagoeneko 17 edukiontzi-gunetan jardun dira hezitzaileak (Iztieta, Olibet-Etxeberrieta, Erdialdea eta Galtzaraborda auzoetan) eta Beraunen emango diote amaiera kanpainari maiatzaren 31ean. Egunean, 30 herritar ingururen zalantza, proposamen eta kexak erantzun eta jaso dituzte.

Ingurugiro hezitzaileak Errenteriako saltoki, taberna eta jatetxeetara ere gerturatu dira zalantzak argitu, hauen beharrak jaso eta hondakinen sailkapena hobetzeko barne-antolamendurako aholkuak emateko helburuarekin. Dagoeneko 160 komertzio eta taberna baino gehiago dira laguntza jaso dutenak.

Kanpaina honen helburu nagusia errefusaren bolumena murriztea da, hau baita birziklagarria ez den zatiki bakarra. Herritarrek gainerako edukiontzietara botatzen dituzten hondakinei beste bizitza bat ematen diete, produktu berriak sortzeko baliabide natural gehiago xahutzea ekidinez eta gutxiago  kutsatuz.

“Hondakin onena sortzen ez dena” denez, kanpainaren bidez, Errenteriarrak ahalik eta hondakin gutxiago sortzeko aholkuak jarraitzera gonbidatu dituzte: erosketak egitean plastikozko poltsak ekiditeko orga, poltsa berrerabilgarriak eta tuperrak erabiliz, granelean edo ahalik eta bilgarri gutxien duten produktuak erosiz, baita kontzentratuak edo formatu familiarrean datozenak ere eta beirazko ontzietan datozenei lehentasuna emanez, besteak beste.

Hondakinak berrerabiltzeko ideiak ere eman dituzte hezitzaileek, hala nola, bigarren eskuko gailuak edo arropa erabiltzea, beirazko potoak janaria gordetzeko baliatzea,… hauen bizia luzatuz, hondakin gutxiago sortuko dugulako.

Hondakinak murrizteko eta berrerabiltzeko aukerarik ez dugunean, kaleko edukiontzietan botatzen ditugu. Horregatik, kanpainatik hauek ongi sailkatzearen garrantzia azpimarratu nahi dute. Hauek izan dira orain arte herritarren artean gehien errepikatu diren zalantzak:

1.- Biohondakinak plastikozko poltsan bota al daitezke?

Ez, poltsa konpostagarrian bota behar dira, barruko materia organikoarekin batera deskonposatzen direlako. Plastikozko poltsa batek, aldiz, ehunka urte behar ditu. Poltsa konpostagarriak Udaletxean edo herriko auzoetan zehar banatuta dauden sei makinetan doan eskura daitezke.

2.- Puskatutako edalontzi eta kopak iglu berdera bota al daitezke?

Ez, hauek kristalezkoak direnez, plomo oxidoa dute. Hortaz, ezin dira birziklatu. Errefusara bota behar dira.

3.- Papera eta kartoia edukiontzi urdinean botatzean, plastikozko poltsarekin batera bota al daiteke?

Poltsa edukiontzi horira bota beharko litzake.

4.- Ontzi arinen edukiontzian plastikoa bakarrik bota al daiteke?

Plastikozko ontziez gain, metalezko ontziak eta brikak bota daitezke.

5.- Edukiontzi marroian kafe-hondarrak, te poltsak, janari edo mukiekin zikindutako sukaldeko paper edo mukizapiak bota behar direla gogorarazi nahi dute RSU egitasmotik.

6.- Altzariekin batera datorren poliespana edukiontzi horira bota al daiteke?

Garbigunera eraman behar da, baina kantitate txikia izatekotan, txikitu eta edukiontzi horira ere bota daiteke.

7.- Erabilitako olioa beirazko potoetan dagokion edukiontzira bota al daiteke?

Hobe da plastikozko ontzi itxian botatzea, beirazko potoan baino, hauek edukiontzira botatzean hautsi daitezkeelako.

Kaleko kanpaina baino gehiago da RSU Egitasmoa.

Kanpaina honen bidez bestelako gizarte-eragileetara ere iritsi nahi izan da. Horregatik, hurrengo ekintzak antolatu dira RSU egitasmoa osatzeko:

– Hezitzaileak Elkarte gastronomikoetara gerturatu dira laguntza eskaintzeko.

-Herritar guztiei zuzenduriko hondakinen inguruko hitzaldi praktikoa antolatu da maiatzaren 5ean, 18:00tan Merkatuzarren. Haurtzaindegi zerbitzua izango da.

– Errenteriako Udal Euskaltegia eta AEK-ko ikasle taldeekin saio dinamikoak antolatu dira apirila eta maiatzean.

– Errenteriara iritsi berri diren atzerritarrei zuzenduriko AISA programako ikasleek ere hondakinen inguruko informazioa jasoko dute.

Orokorrean, Errenteriako herritarrek hondakinak sailkatzeko ohitura dutela ikusi dute kanpainatik eta orain arte argitutako zalantzak praktikan jarri eta beste edozein zalantza argitzeko ingurumen-hezitzaileengana gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diete herritarrei. Errenteriako Udalak, hortaz, herritar guztiei kanpainarekiko izandako jarrera baikorra eskertu nahi die, denon ahaleginarekin Errenteria EKOAKTIBOAGOA izatea lortuko dugula adieraziz.