Errenteriako elkarteek Madalenetako omendua proposatzeko aukera dute

Aurten ere, Errenteriako Udalak pertsona edo elkarte bat omenduko du Madalenetan. Horretarako proposamenak, hala ere, herriko elkarteek egin ditzakete, Zu! Zure Udala zerbitzuan pertsona edo elkartearen izena eta omendua izateko arrazoiak azaltzen dituen idatzi bat aurkeztuz, maiatzaren 21era arte.

Omenduak Madalenei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko ohorea izango du eta omenaldirako prestatutako ekitaldian oroigarri berezi bat jasoko du. Gainera, Udalak jaietan antolatutako ekitaldi instituzionaletan leku berezia izango du gordeta, hala nahi izanez gero.